Igor Portu eta Mattin Sarasola lesakarren atxiloketan parte hartu zuten guardia zibilen alde Espainiako Justiziak emandako absoluzio epaiak aztertu ditu Europako Giza Eskubideen Auzitegiak, eta asteartean jakinaraziko dute ebazpena.
Portu eta Sarasolaren defentsak egin zuen babes eskea Estrasburgon, lehenengo Espainiako Auzitegi Gorenak emandako absoluzio epaian eta gero Konstituzionalak horren aurkako helegitea ez onartzean, auzitegiok bi euskal herritarrek eginiko tortura salaketak ikertu edo behar bezala aztertu ez zituztela argudiatuta, besteak beste. Gorenak amarrutzat jo zituen bi euskal herritarren salaketak.
Aurretik, Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak zigortu egin zituen polizia operazioan parte hartu zuten lau guardia zibil. Frogatutzat eman zuen Portuk eta Sarasolak “tortura larriak” jasan zituztela, eta “ezinezkotzat” jo zuen zauri horiek atxiloketa unean eginak izana.
Egun, espetxean daude Portu eta Sarasola, ETAko kide izatea leporatuta, 2006ko abenduaren 30eko Barajasko aireportuko atentatua egotzita -2005-2007 urteetako negoziazio prozesuaren haustura eragin zuena-.
2008ko urtarrilaren 6an atxilotu zituzten, Arrasaten (Gipuzkoa). Atzeman eta hamazazpi ordura guardia zibilek ospitalera eraman zuten Portu, zauri larriekin eta bestelako tortura zantzu nabariekin, arropetan-eta.
Inkomunikazio aldia amaitzean, Sarasolak ere salatu zituen torturak, eta berak emandako azalpenek bat egiten zuten Portuk auzi medikuei egindako kontakizunarekin, biek zituzten zaurien inguruko gertakarietan, eta atxiloketaren unearen eta ondorengo orduei buruzko beste xehetasun batzuekin.
Rubalcaba vs medikuen txostena
Alfredo Perez Rubalcaba zen orduan PSOEren gobernuko Barne ministroa. Guardia Zibilaren bertsioa bere egin, eta esan zuen atxiloketa unean ihes egiten saiatu zirela Portu eta Sarasola, eta horrekin lotu zituen zauriak.
Porturi buruzko mediku txostenak, baina, zalantzan jarri zuen zauri horiek atxiloketaren unekoak izatea soilik; honela zioen, hitzez hitz: “Ezkerraldean saihets bat hautsi diote. Saihetsak zuloa egin du biriketan; handik haizea eta odola atera dira, eta barrunbe torazikoan zabaldu. Begian hematoma bat dauka; horrek esan nahi du kolpe zuzen bat eman diotela begian. Azala puztuta eta handituta dago, azpian gas bat balego gisan. Oso minbera da, eta kolpeen ondorioz sortzen da”.
Epaiketa egin ondoren, Gipuzkoako auzitegiak frogatutzat eman zuen Portu eta Sarasola hainbat alditan torturatu zituztela: atxilotu eta gutxira erreka bazter batera eraman zituztela eta han hasi zirela tratu txarrak. Intxaurrondoko polizia etxean (Donostia ) eta bidaietan ere jo zituztela berretsi zuen epaimahaiak.
Ebazpena, Torturaren Aurkako Egunean
Estrasburgoko auzitegiak bere ebazpena kaleratuko du asteartean, otsailaren 13an. Data hori, Euskal Herrian, Torturaren Aurkako Egun gisa dute izendatuta zenbait eragilek, 1981. urteko otsailaren 13an hil zelako Joxe Arregi zizurkildarra, Carabancheleko espetxeko erietxean (Madril), Espainiako polizien esku pasatutako atxiloaldi luzean jasandako torturen ondorioz.