Asteartean hasiko du Jaurlaritzak urte politiko berria

Ezohiko gobernu bilera egingo du Jaurlaritzak, botiken berrordaintzea ezartzeari zein erantzun eman aztertzeko asmoz

Erredakzioa
Gasteiz
2012ko abuztuaren 17a
00:00
Entzun
Urte politiko berriko lehen gobernu kontseilua egingo du Eusko Jaurlaritzak datorren asteartean. Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak Radio Euskadin jakinarazi duenez, ezohiko batzarra izango da, eta batez ere, botiken berrordaintzea ezartzearen aurkako neurriak aztertuko dituzte. Uztailean, Auzitegi Konstituzionalak tramiterako onartu zuen botikak berrordaintzearen inguruko dekretuarenaurkako helegitea, eta, ondorioz, Espainiako Gobernuak botiken berrordaintzea ezartzera derrigortu zuen Eusko Jaurlaritza. Hala, erabaki horren inguruan gobernuak hartuko duen jarrera adierazpen publiko batean jakinaraziko du Jaurlaritzak. Gobernu bileraren ostean,Idoia Mendia eledunak eta Rafael Bengoa Osasun sailburuak agerraldia egingo dute.

«Murrizketek herritarrei ahalik eta gutxiena eragiteko neurri posible guztiak aztertzen jarraitzea» izango da bileraren helburua, Aresek azaldu duenez.Haren ustetan, «zentzuzkoa» da Jaurlaritzak gobernu kontseilua ohi baino astebete lehenago aurreratzea, krisi ekonomikoa«apartekoa» delako. Izan ere, bilera horren ostean berriro batzartuko da Jaurlaritza, hilaren 28an, Donostiako Miramar jauregian.Urtero legez, Miramar jauregiko gobernu kontseiluarekin ofizialki hasiko du urte politiko berria.

Kudeaketa jomugan

Patxi Lopez lehendakariaren kudeaketa kritikatzen jarraitzen dute oposizioko alderdiek. Andoni Ortuzar EAJren Bizkai Buru Batzarreko presidenteak, esaterako, hauteskunde deialdiarekin «ezkutaketan jolasten» ibiltzea leporatu dio lehendakariari. Ortuzarren aburuz, jarrera horrekin «kudeatzeko gaitasunik eta ideiarik ez duela estali nahian dabil» Lopez. Nolanahi ere, orain bozetatik harago garrantzitsuena Araba, Bizkai eta Gipuzkoa krisialditik ateratzea dela gogorarazi dio lehendakariari: «Hauteskundeetara dei dezala berak nahi duenean, bainabitartean azal dezala zer egingo duen Euskadi krisialditik ateratzeko». Izan ere, Ortuzarrek susmoa du Jaurlaritza «lardaskeriak» egiten dabilela diru kontuei eta zorpetzeari dagozkien zenbakiak «itxuraldatzeko».

Herrizaingo sailburuak,ordea, erabat ezeztatu du Jaurlaritza zorpetzeari buruzko datuak ezkutatzen ari dela: «Eusko Jaurlaritzaren kontuak publikoak dira, eta EAJk badaki hori». Gobernuaren kudeaketa etengabe zalantzan jartzea «arduragabekeria» dela salatu du Aresek, eta EAJri ohartarazi dio ez duela onartuko gobernatzeko moduari buruzko «leziorik».Halaber, gogor kritikatu du jeltzaleek Ajuria Enera iritsita bakarrik nahiko luketela beste alderdiekin akordioak lortu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.