Asteartean jakinaraziko du Baionako auzitegiak Donaixtiko (Nafarroa Beherea) eskolako okupatzaileak kanporatzeko manua ematen duen ala ez. Gunearen jabe den Bordeleko serora taldeak egin kanporatze eskaera aztertu zuten atzo goizean. Auzitegira joan ziren 50 bat lagun, epaituei elkartasuna adieraztera. Tokia «arriskutsua» dela eta bertatik joateko «behar gorria» dagoela azaldu zion Xavier Delavallade seroren abokatuak epaileari. «Arazoa ez da duten egitasmoa, baizik eta erabilitako metodoa», esan zuen abokatuak, eta argi utzi zuen okupazioaren hautua «bidegabekoa» dela.
Haren argudioen aurka egin zuen, berriz, Filipe Aramendi okupatzaileen abokatuak. Ondoan zituen epaitegira deituriko Amaia eta Joana Arbeletxe, Kattin Xilibolost eta Jon Foucher gazteak. Batetik, «behar gorririk» ez dela azaldu zuen, zehaztuz uztailaren 21etik dabiltzala okupatzen eta, pasatutako lehen hogei egunetan, bertan egoten utzi dituztela, trabarik eman gabe. Hautetsi batzuen partetik izan «kanpoko presioak» gaitzetsi zituen abokatuak. Bestalde, bertan egoteak dakarzkien «arriskuak» frogaturik gabekoak direla adierazi zuen. Alderantziz, okupatzaileek elektrikari baten agiria dute, segurtatzen duena «berehalako arriskurik ez dela» eremuan.
«Okupazio hori herriaren interesaren alde doa; nahasmendu bidegabeez arras urrun gara», Aramendiren hitzetan. Etxebizitza kolektibo bat eta kulturgune bat sortzeko xedea dute okupatzaileek, eta egitasmo hori goraipatu zuen, gehituz «aginpide politikoek egiten lortu ez dutena» ari direla egiten. Oztibarreko hautetsi batzuen sostengua dute eskolan bizi direnek, eta auzitegira joan ziren bakar batzuk, elkartasunez. Serorek egitasmoa begi onez ikusten dutela zehaztu zuen Delavalladek ere, baina lekuaren bilakaeraz negoziatzen segitzeko tokia hustu behar dutela azpimarratu.
Halakorik ez dute ontzat ematen eskola hartu dutenek, eta bertan segituko dute epaiaren eguna arte gutxienez. Haiei sostengua adierazteko kontzertua egin zuten barda Erramun Martikorrenak, Agustin Alkhatek, Pantxix Bidartek, Maddi Oihenartek eta Jeremy Garatek. Gaur haurrentzako tailerrak izanen dira, eta gauean, jokoak. Ostiralean, Joseba Irazokiren kontzertua izanen da gozagai Donaixtiko eskola okupatuan.
Asteartean jakinen dute Donaixtiko okupaziokoek barnean segi dezaketenetz
Jabeek egin kanporatze eskaera aztertu dute auzitegian; bertan egoteko arriskua badela dio jabearen abokatuak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu