Auzitegiak

Asteartean jarraituko du 'Topatu' eta Ernaiko gazteen kontrako epaiketak

Amaitu da Topatu.info eta Ernaiko gazteen kontrako epaiketaren lehen saioa. Besteak beste, ertzainek eta guardia zibilek deklaratu dute. Jendeari ez diote utzi auzitegira sartzen. 

Zortzi auzipetuak auzitegira sartu aurretik, gaur. TOPATU.INFO
2015eko ekainaren 11
10:38
Entzun

2013an egindako Gazte Danbadan "terrorismoa goratzea" leporatuta, Ernaiko zazpi kideren eta Iraitz Salegi Topatu.info-ko kazetariaren kontrako epaiketaren lehen saioa egin da. Datorren asteartean izango da hurrengo saioa.

Epaigelan, sakabanaturik jarri dituzte auzipetuak; bakoitza gelaren punta batean egon da eserita. Gazteekin Madrilera joandakoei ez diete utzi auzi gelara sartzen. Prentsa aretoan, berriz, lehen minutuetan, irudi bidez jarraitu dute epaiketa, soinurik gabe.

Auzipetuek deklaratu ostean lekukoen txanda heldu da, tartean, ertzainena. Ertzainek, auzipetuak parte hartu omen zuten manifestazioan eta ekitaldian eginiko adierazpenen berri eman dute. Ekitaldia ez dutela ondo gogoratzen esan dute batzuek. Esaterako, Xabier Lopez Peña ETAko buruzagiaren heriotzarekin loturik norbaitek zerbait esan zuela adierazi dute, baina ez zehazki zer esan zuen. 

Ertzainetako batek esan du  "agur eta ohore" esaldia entzun zela. Horrekin, Lopez Peñaren zein jarduera armatuaren gorazarrea egiten zela interpretatzen duela gaineratu du. 

Peritu gisa deklaratu duten guardia zibilek, ostera, esaldi hori ETAko kideak hiltzen direnean "soilik" erabiltzen dela argudiatu dute. Ekitaldiaren berri bideo eta argazkien bidez izan dutela esan dute; ez zirela bertan izan.

Hainbat kazetarik ere deklaratu dute. Ekitaldiak interes informatiboa handia zuela esan dute, eta beraz, kazetari ugari zeudela.

Urte eta erditik gorako kartzela zigor eskaerak

Epaiketa maiatzaren 28an zen hastekoa, baina atzeratzea erabaki zuen epaimahaiak, auzipetuek egindako protesta batengatik. 01/12 sumarioa dela-eta atxilotu berriak ziren zazpi gazte, eta haiei elkartasuna adierazteko herri harresi bat egin zuten gazteek ahozko saioa hasi aurretik. 

Fiskaltzak urte eta erdi eta 2 urte arteko zigor eskaerak egin ditu zortzi gazteentzat, Gazte Danbadan «terrorismoa goratzea» egotzita; zehazki, 2013ko martxoaren 30ean Frantziako espetxe batean hildako Xabier Lopez Peña ETAko buruzagiaren heriotzarekin loturik, ustez eginiko mobilizazio eta adierazpen batzuengatik. Honako hauek dira auzipetuak: Ernaiko Irati Sienra, Gotzon Elizburu, Maialen Etxebarria, Mikel Button, Aitor Anda, Garazi Mugertza eta Mikel Moreno eta Topatu.info-ko Iraitz Salegi kazetaria.

Periko Solabarria ezker abertzaleko militante historikoa ere auzipetuta zegoen, baina epaiketa hasi aurreko egunetan jakinarazi zioten ez zutela epaituko, «osasun arrazoiengatik».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.