Asteazkenean egingo dute bilera Fagorrek, Mondragonek eta instituzioek

Gaur ziren egitekoak, baina Mondragon taldeak atzeratu egin du. Jaurlaritzak "datozen orduetan" bileraren deialdia egingo zuela esan eta gutxira eman du Gipuzkoako Diputazioak hitzorduaren egunaren berri.

2013ko azaroaren 4a
17:17
Entzun

Fagor Etxetresnak aste erabakiorra du aurretik, hartzekodunen konkurtsora bidean. Bien bitartean, krisiak ahalik eta kalte txikien egiteko alde guztiek egiteko asmoa duten bilera ematen ari da zeresana. Mondragon taldea, Fagor Etxetresnak bera, Jaurlaritza, Diputazioa eta Debagoieneko alkateek eta Basauri eta Azpeitikoek enpresaren krisiak ahalik eta kalte gutxien egin dezan bideak aztertzen hastekotan ziren gaur arratsaldean, baina Mondragonek ezin duela joan esan du. Gipuzkoako Diputazioko iturriek baieztatu dute asteazkeneko hitzordua, Lakuan, 15:00etan

Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariak aurretik hitz egin du, esanez, Mondragonek bilerara ez joateko zergatien berri ez dakiela, baina egoeraren "larriak" premiazko bilera eskatzen duela. Jaurlaritza hitrzordua jartzekotran geratu da Garapen Ekonomikorako Sailetik bertatik. "Giro diskretuan" egin nahi du bilera, eta "produktiboa" izatea.

Arantza Tapia Jaurlaritzako Garapen Ekonomikorako sailburuak egoerari irtenbidea eman behar zaiola nabarmendu du, "errudunak" bilatzen hasi beharrean "irtenbideak" aurkitzeko unea heldu dela, eta Jaurlaritzak enpresarekin bat egingo duela lan, agertoki "larri eta konplexuari" irtenbidea ematen saiatzeko.

Fagorrek asteburuan esan duenez, "erlojupean" ari da lanean, eta dirua lortzen saiatzen ari da, baina onartua dauka "oso zaila" dela lortzea, eta bitartean jarduera guztia geldirik edukitzea. Astebetean argiturik beharko luke bideak.

Langileen protestak

Basauriko Edesako langileek itxialdiak egingo dituzte lantegi aurrean Fagor Etxetresnei "irtenbideak" eskatzeko. Bihar 06:00etan hastekoak ziren, baina gaur gauera aurreratzea erabaki dute, dena prest dutela eta. Hamarkako taldetan antolatuko dira, eta ordezkatuz joan. Itxialdiak Fagorrek egoera konpondu arte egingo dutela azaldu dute. Basauriko Edesan 200 langile daude, eta defendatzen dutenez, egiten dituzten termo elektrikoak "bideragarriak" dira, eta beraz, ez du zentzurik ixteak.

Langileok Gizarte Segurantzaren barruan daude; Fagorreko beste guztiak Lagun Aron. Hori dela-eta kezkaturik daude, gainerako langileek taldearen beste enpresetara bideratzeko aukera izaten badute, haiek hortik kanpo geratuko direla.

Azpeitiko Grumal enpresako langileek ere beren egoera salatuko dute bihartik aurrera hainbat mobilizazioren bidez. Kontzentrazio bat egingo dute bihar Lagun Aro eta Laboral Kutxaren egoitzaren aurrean. Enpresaren akzionista eta kudeatzaile bakarra da Fagor, eta Grumalek ez du kooperatiba izaerik, baina langileen herena "behin-behineko bazkide" gisara ari da lanean Mondragon taldeko hainbat enpresatan. 150 langile dauzka Grumalek.

Produktuen kontsumitzaileen kezka

Legearen arabera, ekoizleak mantendu egin behar du zerbitzu teknikoa, eta ordezko piezak ere eduki behar ditu, produktua erosi zenetik bi urte baino gutxiago igaro diren tresnen funtzionamendua ziurtatzeko. Fagorrek esandakoa berretsi du OCU Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Erakundeak. Dena den, bi urtetik gorako produktuen garantiekin arazoak sor daitezkeela aitortu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.