Barakaldoko Gurutzeta ospitalean (Bizkaia) alarma gorriak piztu dira. Hala uste dute, behintzat, sindikatu guztiek. Izan ere, haien esanetan, langileen lan baldintzak nabarmen ari dira okertzen ospitaleko zuzendaritza hartzen ari den neurrien ondorioz, «krisi ekonomikoa dela-eta gastuak murriztu behar diren aitzakiarekin». ELA, LAB, UGT, CCOO, ESK eta Satse sindikatuek nabarmendu dutenez, langileen kontratazioan eta langileen eskubideetan murrizketa «larriak» ari dira egiten.
Zuzendaritzak hartu duen jarrera ikusirik, mobilizazioetara jotzea beste aukerarik ez dutela izan diote sindikatuek, eta, hala, bihartik aurrera, asteazkenero elkarretaratzeak egingo dituzte eguerdian, kalitatezko kontratazioa eskatzeko eta «zuzendaritzaren despotismoari hankak geratzeko».
Kontratazio ezaren ondorioak
Sindikatuek prentsa ohar bidez nabarmendu dutenez, kontrataziorik ezak ondorio «kaltegarriak» utzi ditu. Adibide gisa jarri dute ospitaleko unitateetan greba egun batean baino jende gutxiago ari dela lanean egun. «Lan karga handia dugu. Toki batzuetan gertatzen ari da langile batek bizpahiru unitatetan lan egin behar izatea, bakarrean beharrean». Hain ustez, horrek kalte egiten dio gaixoei eman beharreko zerbitzuari.
Asteazkenero protestak egingo dituzte sindikatu guztiek Gurutzetan
Sindikatuen esanetan, ospitaleko unitate bakoitzean greba egun batean baino jende gutxiagok egiten du lan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu