Astebetean %18 handitu da ZIUetako arta behar duten gaixo kopurua

Duela astebete baino %46 positibo gutxiago atzeman dituzte: 756.

Nafarroako Ospitale Guneko ZIU gela bat. JESUS DIGES / EFE
Irati Urdalleta Lete.
2021eko abuztuaren 20a
13:11
Entzun

Pixkanaka-pixkanaka baretzen ari da izurria. Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak eman dituzten datuen arabera, beste 756 lagunek eman dute positibo COVID-19an. Beheranzko joera nabari da: duela astebete, abuztuaren 13an, 1.104 positiboren berri eman zuten; hau da, gaur baino %46 gehiago. Atzo egindako proben %10,8k positibo eman zuten, OME Osasunaren Mundu Erakundeak izurri bat kontrolpean edukitzeko zehaztuta daukan %5eko muga baino bi aldiz gehiago.

Ordea, egoera kezkagarria da ospitaleetan, astelehenetik ospitaleratuen kopurua apaltzen ari bada ere. Orotara, COVID-19a duten 411 gaixo daude Osakidetzako eta Osasunbideko ospitaleetan, duela astebete baino %7 gutxiago. Atzo beste 50 gaixo ospitaleratu behar izan zituzten, halere. Okerragoa da ZIUetako egoera: 103 gaixo daude larri, duela astebete baino %18 gehiago. Halere, atzo baino bi gaixo gutxiagok behar dute ZIUetako arta. Gainera, Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez, 79 eta 89 urteko bi gizon hil dira gaitzak jota.

Datuak lurraldez lurralde errepasatuta, Bizkaian atzeman dituzte kasu gehien: 325. Baina positibo gutxiago egon dira gainerakoetan: Gipuzkoan, 171; Nafarroan, 137, eta Araban, 110. Azken hamalau egunetako 100.000 biztanleko intzidentziak erakusten duenez, Arabak du egoerarik makurrena: 521 kasu. Gainerako lurraldeak 500 kasuko langaren azpitik daude: Bizkaian 493 kasu dituzte; Nafarroan, 382, eta Gipuzkoan, 379.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.