Gastronomiak atal garrantzitsua du Bilboko Aste Nagusian. Gaur Euskal Herriko XXXIII. Marmitako Lehiaketak emango dio hasiera egunari, goiz goizetik, eta, bertan, Kantauriko bandera banatuko da. Makilaren Kofradiak eta Bilboko Konpartsek antolatzen dute jaietako egitarauan aintzindari den marmitako lehiaketa. Areatzan izango da. Bertan, gainera, Eusko Labelarekin elkarlanean, 1.500 lagun ingururentzako hegaluze dastaketa antolatuko dute. Egarria kentzeko, Bizkaiko sagardoz ondo hornituta. Sagardo gogorik ez? Bada beste aukerarik. Eguardian ardo dastaketa egingo dute Areatzan, Mikel Garaizabal sommelierraren eskutik.
Bestalde, 14:00etan Konpartsen bazkaria izango da leku berean. Tripa bete ostean, herri kiroletan lehiatuko dira. Festak bukatu aurretik, balorazioetako ordua da gaur. Hala, 20:00etan konpartsen eskutik sari banaketa egingo da. Urtero bezala, bandera urdina emango zaio Aste Nagusian lan ona egiten duen pertsonaia publikoari eta jarrera desegokia duen pertsonaiari bandera marroia. Palmada saria, berriz, konpartsen arteko saria da, eta Aste Nagusian zehar egindako ekintzetan gehien parte hartu duen konpartsa saritzen du.
Gastronomia bada eguneko lehen platerra, musika da bigarrena. Eta musika ez denez soilik helduentzako, eguerdian Txorromorro taldearen haur berbena izango da Euskalgunean. Eguneroko Erromeria eta gaupasekin batera, Duo Dinamico taldearen kontzertua izango da Abandoibarran, 23:30ean. Eta gauerdia iristearekin gorputza mugitu nahi duen guztiarentzat, primerako aukera Karola gunean: Juan Maganen kontzertua.
Kale antzerkiari dagokionez, Always Drinking Productions & Guillen Alba taldearen eskutik, Bullangas ikuskizuna izango da ikusgai Arriaga plazan (13:30-21:15). Umeentzako antzerkia, Asier Kiram magoaren eskutik etorriko da, Txin txin magikoa ikuskizunarekin, Gas plazan (19:30). Kulturgunean ere bada aukerarik; TTR Teatro taldeak Salam umeentzako antzezlana eskainiko du (13:00).
Asteburuak denetariko ekitaldia ekarriko ditu Bilbora, kolore eta gustu guztietakoak. Goiz goizetik, egunerokoari jarraiki, Bilbainadekin, udal bandaren kontzertuarekin, dianekin, herri kirolekin, xake txapelketarekin, Erraldoi eta buruhandien kalejirarekin eta haur jolasekin gozatzeki aukera izango da hiriburuko kaleetan. 13:00ean bertso saioa izango da Santiago plazan. Eguneko bertsolariak: Igor Elortza, Unai Iturriaga, Aitor Sarriegi eta Uxue Alberdi. Euria egitekoan Plaza Barriko arkupera mugituko dute ekitaldia. Bilboko torneoari gaur emango diote amaiera, Miribilla pilotalekuan, Olaizola II. / Begino eta Titin II. / Merino II. arteko partidarekin (18:30).
Bilbo Hiria nazioarteko su festen txapelketak jendez beteko ditu gauero legez itsasadarreko ertzak eta Areatza eta Etxebarria parkeak. Zorte handiena dutenek, txalupa batera igota gozatuko dute Astondoa Piroteknia suetxearen emanaldiaz (22:45).