Txosten politikoa eta sozioekonomikoa eta alderdiaren estatutuak bozkatuko dituzte Eusko Alkartasuneko kideek larunbatean eta igandean egingo duten 10. Biltzar Nagusian. 2010eko uztailean ezker abertzalearekin adostu zuten Lortu Arte akordioarekin hasitako bideari jarraituz, aurrerapausoak eman nahi dituzte indar subiranisten arteko elkarlanean. "Argi dugu amaitu dela hausnarketarako denbora, eta prozesu subiranista akitbatzen hasteko garaia dela orain", adierazi du Ikerne Badiolak, EAren zuzendaritzako kideek Donostian egindako agerraldian. "Printzipio demokratikoan" oinarrituta, burujabetzaren bidea zehaztu nahi larunbatean eta igandean egingo duten biltzarrean, Espainia bide horri baldintzak jartzen ari dela salatu arren: "Herritarrek aurrebaldintzarik gabe erabaki behar dute euren etorkizuna".
Normalizazio politikoari dagokionez, alderdiaren baitan Elkarbizitza eta Giza Eskubideen Idazkaritza sortzea proposatuko dute estatutuen txostenean. "Biktima guztien" aitortza eta erreparazioa sustatu nahi dute horrela, "Euskal Herriak nahi eta behar dituen elkarbizitza eremuak" eraikiz. "EAk bere kapital politiko osoa eskainiko du eskubideak urratzen dituen edozein ekintza errotik desagerrarazteko".
Sozialdemokraziaren aldeko hautua
Sozialdemokrazia "inoiz baino beharrezkoagoa" dela aldarrikatu du Badiolak, erakundeetatik "elkartasuna eta justizia soziala sustatzen dituelako". Herritar guztien "oinarrizko beharrak" bermatuko dituen ongizate estatua eraikitzeko helburua jasoko du txosten sozioekonomikoak, eta Eskandinaviako eredua jo dute erreferentziatzat. Independentzia da horretarako bidea EAko kideen iritziz, "Espainiak ez baitu ongizate estatua bermatzen". Ondorioz, independentismoak argudio sozioekonomikoetan oinarritzen hasi behar duela uste dute.
1986. urtean sortu zuen EA Karlos Garaikoetxeak, EAJgandik bereizi ondoren. 2010eko irailean egin zuten azken biltzar nagusia, Muskizen (Bizkaia).