Bide Azpiegituretako foru diputatu Aintzane Oiarbidek ostiral goizean eman du muntatze lanen xehetasunen berri; halaber, larunbat gauetik igande goizera bitarte autopista itxiko dutela jakinarazi du, Donostian egin duten prentsaurreko batean.
Lehenik eta behin, Irungo arkua ezarriko dute, AP-8ko bosgarren kilometroan, Arretxe-Ugalde poligono inguruan. Uda bukaeran, sistema osatuko duten beste bi arku jarriko dituzte, Etzegaratekoa abuztuan, eta Andoaingoa irailean. Oiarbidek azpimarratu du Gipuzkoa izango dela sistema berria ezarriko duen lehen lurraldea Espainiako Estatuan. Adierazi du sistema hori "berritzailea eta aitzindaria" dela, eta egitura "osoa euskal enpresek" diseinatu dutela. Sistemak erabilitako softwarea norvegiarra izango da.
30 metro luze izango da —bi noranzkotan doazen sei bideak hartzeko—, eta 16 tonako pisua izango du. Hogei teknikari ibiliko dira Irungo lanei azken ukituak ematen, baina egunak daramatzate handik gertu lanean. Arkuak matrikulak irakurtzeko hamabi kamera izango ditu (sei norabide bakoitzean), beste hamabi antena autoen posizio eta TAGak irakurtzeko, eta ibilgailuak sailkatzeko sei laser detektore.
Hiru operazio zentro izango ditu sistemak, bat zaintza eta kontrolerako, beste bat kobratzeen gestio eta onespenerako (bi horiek Zarautzen), eta hirugarrena bezeroen arretarako, Aritzetan.
Oiarbidek azaldu du espero dutela hiru arkuak ezarrita egotea urrirako, eta kobratu gabeko probak hasiko dituztela urtarrilera arte; orduan hasiko da benetan funtzionatzen.