Iñaki Goioaga abokatu eta EH Bilduko senatariaren bulegoa miatzen ari da Espainiako Guardia Zibila gaur. Bertara sartzeko baimena eman du gaur Eloy Velasco Auzitegi Nazionaleko epaileak Goioaga bertan ez egonda ere, baina bulegoan da Goioaga.
Goioagaren bulegoa miatzen ari zirela zabaldu zuten atzo hainbat iturrik, baina ez zen hala izan. Goioagarena ez beste bulego guztiak aritu ziren arakatzen. Izan ere, Espainiako Senatuko hautetsia da Goioaga, eta, beraz, foruduna da. Ez dago inputatuta auzian.
Eloy Velasco Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak agindu zehatza eman zien guardia zibilei: Goioagaren bulegoa ere arakatu egin behar zuten, baina, derrigor, senatariaren beraren presentziarekin. Hura han ez zegoela bulegoan sartzea debekatu zien.
Guardia Zibila saiatu zen senatari eta abokatua lokalizatzen, baina ez zuten lortu, eta, beraz, haren bulegoa miatu gabe alde egin zuten Elkano kaleko egoitzatik. Goioagaren bulegoko atea itxita utzi dute, zigilatuta.
Zuluetak bulegoa duen eraikinean du berea Goioagak, eta Guardia Zibilak uste du asteazkenean atxilotutakoek astia izan zutela hainbat agiri Goioagaren bulegoan gordetzeko.
Zulueta atzo arratsaldean eraman zuten Madrilera, eta atzo goizaldean gainerakoak. Bihar ziren igarotzekoak epailearen aurretik, baina astelehenera arte luzatu diete atxiloaldia.