Espainiako Auzitegi Konstituzionalak ez du aztertu oraindik Sortu alderdiaren babes helegitea, eta aste honetako lan saioan landu gabe utziko du, nahiz eta jorratzeko gaien artean zuen eta gaur ere bilduko den. Hamabostean behin biltzen dira Konstituzionaleko magistratuak, hiru eguneko lan saio batean; hurrena, ekainaren 19tik 21era batzartuko dira, eta, orduan, maiatzeko azken astean bezala, ia ziur berriro edukiko dute aztertzeko gaien artean ezker abertzaleko alderdiak aurkeztutako babes helegitea.
Hurrengo lan saioa izango da, ziurrenik ere, magistratu taldeak egun duen osaketarekin egingo duen azkena; izan ere, PPk eta PSOEk emandako hitza betez gero, behin-behineko egoeran dauden epaileen ordezkoak izendatuko dituzte Espainiako Kongresuan ekainaren amaieran.
Badirudi honako hauek eragina izan dutela epaileek berriro gaia atzeratzeko orduan: ezker abertzaleak alderdi legeztatu bat edukitzeak, aztergaiak duen arreta mediatikoak, zenbait epaileren behin-behinekotasunak eta PPk eta PSOEk Konstituzionala hilaren amaieran berritzeko hartutako konpromisoak. Ez dirudi, beraz, aintzat hartu dutenik aukera handia dagoela Eusko Legebiltzarrerako —eta, orain, Nafarroako Parlamenturako— bozak aurreratzeko.
Magistratuek duten txostenak proposatzen du babesa ematea Sorturen helegiteari, eta, dirudienez, Bilduren kasuan bezala, gehienak alde leudeke. Txostenak ez luke balioko, ordea, epaileak berritu ostean aztertuko balu Konstituzionalak auzia, eta gehiengoak aldatzeko aukera ere ireki egingo litzateke.
Asteon ere ez dute aztertuko Sorturen helegitea
Konstituzionalak gaur amaituko du lan saioa, gaia landu gabe; epaileak ekainaren 19tik 21era bilduko dira hurrena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu