Astigarragako herritar berriak

Astigarragan, errumaniar komunitate bat bizi da: 122 pertsona, 51 txabolatan. Baldintza txarretan bizi dira, eta herritar batzuek ez dituzte begi onez ikusten. Hori aldatzeko plana aurkeztu du Astigarragako Udalak.

Gisa honetako txabolatan bizi dira errumaniarrak, Ergobiko zubi azpian. JAVI JULIO.
Astigarraga
2012ko uztailaren 22a
00:00
Entzun
Datu ofizialek esaten dute 5.000 biztanle bizi direla Astigarragan (Gipuzkoa). Zenbakiak zehatzak dira, baina, batzuetan, ez dute egia osoa kontatzen. Izan ere, herritik distantzia gutxira, Ergobiko zubi azpian, beste komunitate bat bizi da, Errumaniatik etorria. 122 pertsona bizi dira guztira, 51 txabolatan. Metro gutxira bizi dira batzuk eta besteak, baina badirudi bakoitza munduaren punta batean dagoela. Integrazioa izan daiteke, beharbada, distantzia hori murrizteko gakoa. Hala ulertu du, behintzat, Astigarragako Udalak; plan bat diseinatu du, Ergobiko zubi azpian bizi den komunitateari herrian integratzen laguntzeko eta haien bizi-kalitatea hobetzen saiatzeko. Astigarragako Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Romi Bidean elkarteak eta Eusko Jaurlaritzak babestu dute.

Astigarragako alkateak, Andoni Gartziak, proiektuaren nondik norakoak azaldu ditu: «Bost urte iraungo du planak. Epe hori igaro ostean pertsona talde hori gizarteratuta eta integratuta egotea da helburua». Helburu hori betetzeko guztien laguntza «beharrezkoa» dela uste du Gartziak: «Alde guztiok egin beharko dugu ahalegina, proiektua aurrera atera dadin eta errumaniarrek hobeto bizitzeko aukera izan dezaten: udalak, Astigarragako herritarrek eta Ergobian bizi diren errumaniarrek».

Astigarragako ohituretara eta bizi erritmora ohitzeko immigranteek «txipa» aldatu beharko dutela nabarmendu du alkateak. Arau eta baldintza sorta bat bete beharko dute, Astigarragan integratu nahi badute. Horren harira, arautegi bat landu du udalak azken hilabetean. Bi zati jasotzen ditu: batetik, komunitate berriak bete beharko dituen baldintzak jasotzen ditu; bestetik, udalak errumaniarren integrazioa errazte aldera emango dituen baliabide eta laguntzak biltzen ditu.

Astigarragan integratu nahi badute ezingo dutela txabola gehiago eraiki zehaztu du Gartziak: «51 txabola daude, eta bere horretan mantenduko dira. Gehiago eraikitzen badituzte, bota egingo ditugu». Higiene baldintza batzuk bete beharko dituztela esan du alkateak: «Txabolak garbi mantendu beharko dituzte, eta hondakinak kudeatzen ikasi beharko dute, udalak ematen dituen irizpideei jarraituz». Horrez gain, txaboletan bizi diren haurrek eskolara joan beharko dute; erregularki joan beharko dute klasera, higiene baldintza minimo batzuekin. Alkateak zehaztu du arauak betetzen ez badituzte txabolak bota egingo dizkietela eta kanporatu egingo dituztela Astigarragatik.

Betebehar guztiak, ordea, ez dituzte etorri berrien bizkar gainean jarriko. Izan ere, alkateak adierazi du udalak eskura dituen baliabide guztiak jarriko dituela errumaniarrei arauak betetzen laguntzeko. Zehaztu du edukiontziak ezarriko dituztela txaboletan, zaborra bertan bota dezaten. Horrez gain, txaboletako biztanleen higienea bermatzeko neurriak ere ezarriko dituzte, baina oraindik ikertzen ari dira. Txaboletan bizi diren haurrak matrikulatzeko ere laguntzak emango ditu udalak, bai haur eskolan, bai eskolan.

Arauak betetzen dituzten ala ez ikusteko jarraipena egingo dutela adierazi du Gartziak. Horretarako, jarraipen batzorde bat eratu du udalak; plana indarrean jarri eta hurrengo hiru hilabeteen jarraipena egingo du. Ergobiko zubipeko komunitatea Astigarragako erroldan sartuko da, denbora tarte horretan arauak bete badituzte.

Proiektua asteazkenean aurkeztu zuen udalak herritarren aurrean. Planaren ezaugarriak azaldu ostean, ondorio batzuk atera ditu alkateak. Aitortu du «zaila» izango dela proiektua aurrera ateratzea, komunitate baten ohiturak eta bizi erritmoa ez direlako egun batetik bestera aldatzen. Hori dela eta, elkarlanaren eta ahalegin kolektiboaren garrantzia nabarmendu du Gartziak: «Plan hau bultzatu dugunok uste dugu gizartearen eginbeharra dela horrelako aukerak ematea; horregatik, udalak, herritarrek eta errumaniarrek ahalegina egin behar dute plana aurrera ateratzeko».

Ezjakintasunak eta beldurrak

Herritarren artean aldeko eta aurkako jarrerak sortu ditu Astigarragako Udalak aurkeztu duen planak. Aurka daudenek argudiatzen dute oso laburra dela integrazio epea, hiru hilabetean ez dituztela euren ohiturak aldatuko. Koldo Mendikute Ergobian bizi da, eta «hutsune asko» ikusten dizkio planari. Haren ustez, 5.000 biztanle dituen herri batean 122 pertsona integratzea «gehiegi» da. Horren aurrean, Gipuzkoako Foru Aldundiak dituen etxebizitza sozialak erabiltzea proposatu du: «Aldundiak hainbat herritan dituen etxebizitzak erabiliz gero, 122 pertsona horiek sakabana daitezke, Astigarragari zama guztia eror ez dakion».

Romi Bidean elkarteko kideak dira, berriz, Aitor Martinez eta Ileana Balaci. Astean hiruzpalau alditan bisitatzen dituzte Ergobiko txabolak, errumaniarren egoera zertan den ikusteko. Herritarrek dituzten beldurrak «ohikoak» direla uste dute; baina ijito etniako errumaniar horiek ere bizi-baldintza hobeak eskuratzeko eskubidea dutela gogorarazi dute. Beldurra, askotan, ezjakintasunak sortzen duela uste du Balacik: «Txabolak eta bertan bizi direnak ezagutzen ez dituztenek aurreiritzi batzuk dituzte haiekiko; bisitan etortzen badira, ordea, ikusiko dute errumaniarrak ez direla hain ezberdin eta arraroak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.