Berrogeita hamar bat lagun inguru elkartu dira Gasteizen urtero gaurko egunez, Blusa eta Nesken Egunean, egin ohi den asto lasterketa bertan behera uztea eskatzeko. Animaliekiko errespetua, Animalien kontrako tratu txarrik gabeko festak eta antzeko leloak zituzten kartelak erakutsi dituzte elkarretaratze isilean. ATEA elkarteko, Ahal Dugu-ko zein Irabaziko kideak izan dira bertan, besteak beste.
ATEAko eledun Kepa Tamaresek espero du aurtengoa izatea asto lasterketa egin den azken urtea. Izan ere, lasterketaren kontrako 11.000 sinadura batu dituzte, eta Gasteizko Udalak asto lasterketaren etorkizuna aztertzeko konpromisoa hartu du.
Irabaziko Oscar Fernandezek gogorarazi du, zezenketek bezala, asto lasterketak udal arautegia "urratu" egiten duela.