Espainiako Auzitegi Nazionalak ezarritako lau urteko espetxe zigorra betetzeko, bilatze eta atxilotze agindua zuen Gaizka Astorkizaga gazte bilbotarrak ekainaren 26tik. Atzo iluntzean atxilotu zuen Ertzaintzak, baina kostata. Ehundik gora herritarrek sortutako «herri harresia» gainditu behar izan zuten ertzainek Bilboko epaitegian kateatu zen gaztea eramateko. Liskarrak eragin zituen espetxeratzeak, eta gutxienez beste sei lagunen atxiloketa.
21:00ak jota zirela hartu zuten atxilo Astorkizaga, aurrez,gaztearen espetxeratze agindua salatzeko 250 bat lagunek manifestazioa egina zutela. Protesta ere ez zen ohikoa izan. San Inazio auzoan errepresioaren eta polizien jazarpenaren aurka zein eskubide zibil eta politikoen defentsan sortutako Ezpam! mugimenduak antolatuta «manifest-akzioa» egin zuten, Estatuaren terroreari horma jarri! lelopean. Herritarren aurkako erasoen aurrean «alarma» piztu beharra dagoela-eta, sirena hotsekin egin zuten protesta. Eraso horiek eragozteko premia irudikatzeko, «herri harresia» osatuta egin zuten ibilbidea. Elastiko laranjaz jantzita, horma lerroak irudikatu zituzten soka bati lotu, eta errepidearen alde batetik besterainoko lerroak osatuta.
Arriaga plazatik abiatutako protesta epaitegiaren parera iritsi zenerako, ertzainek zainduta zegoen eraikina. Baita inguruan dauden gainerako epaitegi eta auzitegiak ere. EAEko Auzitegi Nagusiaren aurreko plazan amaitzekotan zen manifestazioa, baina itxita zuen Ertzaintzak. Ezin zutela hara sartu esan zien protestariei. Alboan amaitu zuten ekimena, baina protestari asko ez ziren handik mugitu.
Bost minutu geroago, dei bat jaso zuten bertako kide batzuek: «Gaizka epaitegian kateatuta dagoela abisatu digute; Buenos Aires kalean dago». Korrika joan ziren dozenaka lagun epaitegi aldera. Ertzainak, furgoneta eta autoetan. Epaitegiko barroteetara katez lotua zegoen gaztea, eta jende uholdeak inguratu zuen animo oihu ozenekin.
Ertzainek bultzaka lekua egin, gaztea inguratu eta kateak moztu zizkioten, atxilo hartzeko. Minutu luzetan egon zen jendea beregana hurbildu nahian, txistuka eta oihuka. Gaztea, muxuak banatu, ukabila altxatu, eta babesa eskertzeko keinuak egiten.
Ertzainek gaztea autora eramateko orduan izan ziren tentsio une eta kolperik gogorrenak. Herritarrak erdian jarri, eta atxilotua eraman ez zezaten saiatu ziren. Ertzainek borra eta kolpeen bidez kendu zituzten horiek erditik. Kosta zitzaien, hala ere, pare bat metroko bide hori egitea.
Bultzada, kolpe, oihu eta liskar artean eraman zuten hunkituta zegoen Astorkizaga. Ertzaintzak bertaratutakoen aurka egiten jarraitu zuen, eta beste bi pertsona gutxienez atxilotu zituen.
Galdakaon, beste lau lagun atxilotu zituen Ertzaintzak. Astorkizaga Basauriko espetxera eraman ez zezaten, Bilbotik Galdakaorako errepidea moztu egin zuten zenbait pertsonek, Aperribai parean. Errepidera olioa bota, eta zirkulazio handia duen bidea erabat moztu zuten.
Astorkizaga atxilotu dute, «herri harresia» hautsita
Lau urteko zigorra betetzeko espetxeratze agindua zuen gaztea epaitegian kateatu da; atxiloketa saihesten saiatu dira herritarrakBilbotarra Basauriko espetxera eraman ez zezaten, ondoko errepidea moztu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu