AstraZeneca botika etxeak emaitza onak lortu ditu aurreko urtearekin alderatuta, 2021eko lehen hiruhilekoan aurreko urtekoaren irabazien %108,2 lortu baititu. Enpresak berak jakinarazi dio Londresko Balio Burtsari: bikoiztu egin ditu bere irabaziak azken urtean, 1.288 milioi euro irabazi baititu aurreko urtearekin alderatuta.
6.039 milioi euro, horiexek irabazi ditu azken urtean enpresak. Aurreko urteko jardun osoarekin alderatuta ere, izan da igoerarik: %15 egin dute gora bere irabaziek. Irabazi ia gehienak botikak saltzetik etorri zaizkio enpresari, baina ia 52 milioi irabazi ditu kolaborazioetan. Bestalde, enpresaren izena famatu bilakatu duen produktuak, COVID-19aren aurkako txertoak, 226 milioi euroren irabaziak ekarri dizkio azken urtean.
Datu horiek positibotzat jo ditu Pascal Soriot AstraZenecako kontseilariak. «Aurrerapen irmo» iritzi die, eta botika etxearen sektore guztiek izan dutela hazkundea, pandemiak zenbait eritasunen tratamendua eta diagnostikoa zaildu badu ere. Botika gehiago sortzeko bidean dagoela aurreratu du, eta bularreko minbiziaren aurkako OlympiA izeneko proba klinikoetan parte hartzen dabilela.