indarkeria matxista

Asun Villalba

Gasteiz, 2007ko ekainaren 2a.

2007ko ekainaren 2a
05:00
Entzun

Asun Villalbak 15 urte zituen senarrarekin, Victor Manuel Martinekin, ezkondu zenean. Zazpi urte zaharragoa zen gizona. Hogei urteko harreman torturaz betea jasan zuen Villalbak, tratu txarrak jasaten zituen etengabe. Bi salaketa ere aurkeztu zituen emakumeak: 2002an lehena, eta 2006ko abenduan bigarrena. Bi aldietan atzera egin zuen. Azkeneko salaketa jarri eta sei hilabete eskasera hil zuen gizonak andrea, 2007ko ekainaren 2an.

Ustez, diru kontuengatik eztabaidan hasi ziren orduko hartan. Gizonak, beste askotan bezala, emakumea jipoitu zuen. Baina aldi hartan labana bat hartu, eta bi aldiz sastakatu zuen emakumea. Lurrean etzanda gelditu zen, hilzorian.

Gizonak bizilagun bati deitu, eta ihes egin zuen. Auzoek aurkitu zuten Villalba. Deitu zuten larrialdietara. Baina mediku eta erizainek ezin izan zuten ezer egin. 35 urterekin hil zen Asun Villalba, Gasteizko Sansomendi auzoko bere etxean. Martin senarra handik bi ordura agertu zen Ertzaintzaren komisaria batera, eta hilketa aitortu zuen. 42 urte zituen orduan.

Epaiketa handik bi urtera egin zuten. Gizonak, epailearen aurrean, ukatu egin zuen emaztea hil zuela, baina froga eta lekukotza guztiek kontrakoa erakusten zuten, eta epaileak hemeretzi urteko kartzela zigor bat ezarri zion azkenean. Hilketa nahita egin zuela eta emakumeari etenik gabe tratu txarrak ematen zizkiola egiaztatu zuten.

Clara Campoamor elkartea akusazio partikular gisa aurkeztu zen epaiketan, eta, beste elkarte askok bezala, salatu zuten administrazio publikoak ez zuela asmatu Villalba babesten, nahiz eta haren egoera eta salaketak oso argiak izan.

Inork ez zuen aintzat hartu 2002an emakumeak aurkeztutako salaketa. Ondoren atzera egin zuenez, artxibatuta eta galduta gelditu zen salaketa hura, inork ez zion jarraipenik egin. Ezta 2006ko abenduan aurkeztu zuen bigarren salaketari ere. Emakumeak urteak zeramatzan tratamendu psikiatrikoa jasaten, eta adiskideek bazekiten zer nolako tratua jasotzen zuen. Izututa zegoen senarrarekin, eta ez zen ausartzen hura uztera.

Ertzaintzak azaldu zuen ezin izan zuela ezer egin, epaileek babesa ukatu ziotelako emakumeari eta ertzainek deitu izan ziotela emakumeari, baina hark ongi zegoela esan izan ziela. Epaileek, berriz, adierazi zuten Ertzaintzaren atestatuan ez zela aipatzen aurretik salaketarik bazenik, eta horregatik ez ziotela babesik jarri 2006ko salaketa haren harira, emakumeak berak erretiratu zuelako, alegia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.