Lehen gune horrek Burlatan izanen denarekin batera familiarteko jarduerak izanen ditu batik bat: dantza ikuskizunak, bertsolariak, pailazoak eta puzgarriak. Gainera, Burlatan azpigune berezi bat prestatu dute: Scottish Highlands izena izanen du, eta eskoziar kultur eta kirol erakustaldiak izanen ditu. Uharteko eta Arreko guneak, berriz, kontzertuz beterik izanen dira, bereziki gazteei zuzendurikoak. Horietan, Askagintza eta Hegoak erakundeak ariko dira Gehiegikeriarik gabe ongi pasa daiteke mezua gazteei helarazten. Atarrabian, 5. gunean, dantza izanen da, bai ikusteko eta bai ikasteko, esaterako: jauziak, Afrikako dantzak eta Zuberoako dantzak.
Izan argi, dena garbi!
Ingurumenaren aldeko konpromisoa eta errespetua bereziki landu nahi dituzte aurten. Horrelaxe egin nahi dute, esaterako, berriz erabiltzeko diren edalontziekin, eta horiek erabiltzeko gomendatu dute. «50.000 edalontzi egonen dira, eta horiexen dirua Oinez Basora bideratuko dugu», azaldu dute antolatzaileek. Kutsadura gutxitu asmoz betiere, Nafarroa Oinez-era iristeko hainbat modu egongo dira. Aukera bat izango da oinez joatea ibai ertzetik Atarrabiaraino. Iruñerriko autobus zerbitzuak maiztasun handiagoarekin ibiliko dira, eta bizikletaz joatendirenendako aparkalekuak ere jarriko dituzte. Bestalde, ibilbide berezi bat egin dute gurpil aulkian dabiltzan edo bestelako ezintasunen bat duten pertsonendako.
Euskaraz munduz mundu
Munduz mundu leloak dioen moduan, munduan euskara irakasten eta oro har mundurat zabaltzen dabiltzan zenbait irakasleri eginen diete omenaldia Nafarroako ikastolen festan: Mexikon, Helsinkin eta Bartzelonan dabiltzan irakasleei, esate baterako. Bide berean, kulturartekotasunean euskarak baduela lekua erakutsi nahi dute.
Topagunea ere aintzat hartuko dute, urteotan guztiotan euskararen alde egindako lan osoarengatik. Jaiaren lekuko aldaketarekin batera izanen dira omenaldi horiek.