«Atea ez ixteko eskatzen diegu Aralarri eta EAJri»

EAk, ezker abertzaleak eta Alternatibak ontzat jo dute Aralarrek eta EAJk batera joateko eskaintzari emandako erantzunaAralarren ustez, NaBaiko kide guztiek ulertu behar dute «aukera onena» dela

Oskar Matute, Txelui Moreno, Maiorga Ramirez, Miren Legorburu eta Asier Vega, atzo, Iruñeko Albret hotelean. LANDER FDZ. ARROIABE / ARGAZKI PRESS.
joxerra senar
Iruñea
2011ko abuztuaren 12a
00:00
Entzun
Ezker abertzaleak, Eusko Alkartasunak eta Alternatibak «ontzat» jo dituzte Aralarrek eta EAJk Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan batera joateko proposamenari emandako lehen erantzuna. Batak zein besteak ez diote muzin egin biltzeko eskaintzari. Dena den, Aralarrek zein zein Euzko Alderdi Jeltzaleak beren ñabardurak azaldu dituzte. Hiru alderdien arabera, Aralarrek uste du Nafarroan akordioa egiteko arazoak daudela, eta EAJk izaera nazionaleko edo kulturaleko gaietan ados jartzeko aukera ikusten du, baina «a posteriori», hauteskundeen ondoren. Hori horrela, Alternatibak, ezker abertzaleak eta EAk garai historiko honetan «ausart eta arduraz» jokatzera dei egin dute: «Atea ez ixteko eskatzen diegu Aralarri eta EAJri. Proposamen irekia da hau».

Iruñean eman zuten prentsaurrekoa, eta agiri bateratu bat irakurri zuten, euskaraz Maiorga Ramirez EAko Nafarroako koordinatzaileak eta gazteleraz Txelui Moreno ezker abertzaleko ordezkariak. Aldamenean, Oskar Matute eta Asier Vega Alternatibako ordezkariak, EAko Eva Aranguren eta ezker abertzaleko Miren Legorburu zituzten. Aurreko astean hiru alderdiek Aralarri eta EAJri eskaintza zuzena egin zieten azaroaren 20rako deitutako Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan «herri gisa» batera aurkezteko. Sei egun geroago, atzo, proposamen horrek jasotako erantzunen inguruan mintzatu ziren.

EAJ adierazpenetan uzkur azaldu bada ere, ez ditu itxi ateak. Adibidez, Iñigo Urkulluk EAJko EBBko presidenteak aurreko astean bertan esan zuen koalizio edo bloke jakin batzuk eratzea ez dela bide egokiena. Aitzitik, Urkulluk iritzi dio bideragarria izan daitekeela abertzaleen arteko «abaguneko itunak sortzea», betiere «talde politiko bakoitzaren proiektua oinarri hartuta». Ezker abertzaleak, EAk eta Alternatibak erantzun diete jeltzaleei «a posteriori» ados jartzea posible bada «a priori ere bai». Horregatik, EAJri galdegin diote bileran ekimenaren zehaztapenak entzun eta elkarrekin aztertu arte ez dezala ezezkorik eman.

Hiru alderdien ikuspuntutik, Aralarren aldetik prestasun handiagoa ikusi dute. Hala, Aralarrek Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan akordioa iristeko aukera badagoela azpimarratu die. Alabaina, Nafarroan arazoak egon daitezke, aurreko hauteskundeetan NaBaik Bilduk baino boz gehiago lortu zituelako. Hori horrela, hiru alderdiek Aralarri erantzun diote euren proposamenean ez dela «ez siglarik ez betorik» aipatu.

Haien ustez, «indarrak norabide batean jartzea da garrantzitsuena»: «Bake eta normalizazio prozesuaren bultzada jokoan da, euskal gatazka historikoari aterabide politikoa bilatzea jokoan da», azaldu dute. «Horregatik, joan den astean egin genuen eskaintza gauzatzeko ez genuen siglarik aipatu nahi izan». Alde horretatik, uste dute Hego Euskal Herrian lehen indarra izateko aukera dagoela, baita Nafarroan ere.

Era berean, gaineratu dute emaitza historikoak lortuz gero abian den prozesuari «bultzada handia» emango lioketela. «Garai historiko honek ausartak izatea eta interes alderdikoiak alde batera uztea eskatzen du», nabarmendu dute. Ildo beretik, gaineratu dute herritar gehienek begi onez ikusten dutela batera aurkeztea.

Aralar: «Aukera onena da»

Aralarrek begi onez ikusten du proposamena. Prest azaldu da hitz egiteko, eta atzo, Onda Vasca irratian, Txentxo Jimenez Aralarren Nafarroako koordinatzaileak EAEn Aralarren eta Bilduren artean akordio bat egitea eta Nafarroan NaBairen eta Bilduren artean izatea hobetsi zuen. Proposamen hori aztertuko du Aralarrek irailaren 17an egingo duen kongresuan. Txentxo Jimenezek esan du Nafarroan elkarlanerako formula «zehaztu gabe» dagoela, baina nabarmendu du «aukera onena» dela.

Haren ustez, maiatzeko hauteskundeaz geroztik «jauzi handia» egin da, eta Parlamentuan presentzia handia lortu dute Bilduk eta NaBaik. Horregatik, azaroko bozak «aukera egokia» dira indarrak batzeko. Oraindik ez da inongo harremanik izan, baina zehaztu du eztabaida piztuko dela koalizio barruan. EAJri eta NaBaiko independenteei aukera hori aztertzeko eskatu die: «Ekarpen ona da, eta berme ona da NaBairentzat eta haren etorkizunarentzat. Herrialde honetan gertatzen ari dena ikusi behar da. Aurrerapauso handiak eman ditugu eta erkidego honetako errealitate politikoa aldatzen ari gara».

Datozen lau urteetarako akordioa izenpetu zuen Aralarrek urtarrilean NaBai-2011 koalizioko beste partaideekin, baina, Jimenezen arabera, akordio horretan ez da ezer esaten Espainiako Gorteetarako hauteskundeez. NaBai eta Bilduren artean akordiorik izan ez eta Aralarrek bere kabuz Bildurekin hitzartuko balu koalizioa hausteko arriskua izango ote litzatekeen galdetu diote: «Ez luke hala izan behar».

EAJri «jarrera zabalagoa» izateko eskatu dio: «Besteen laguntza behar ez duen tokietan ez die jaramonik egiten proposamenei, baina menpeko den tokietan bere errealitatera egokitu nahi du». Jarrera irekiagoa eskatu dio. Eztabaida hasten denean argituko dira jarrerak: «Ea zer esaten duten EAJk eta independenteek».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.