Miguel Angel Llamas Pitu, Gaztelu Garralde eta Oroitz Zabala Ateak Ireki-ko kideak izan dira gaur goizean bilkurara deitzeko agerraldian. Horiek babesten izan dira hainbat kazetari ere, eta horiekin batera, besteak beste, Bakartxo Ruiz (Bildu), Asun Fernandez de Garaialde (Aralar), Txelui Moreno (Sortu) eta Sabino Cuadra (Amaiur).
Llamasek esan du atariaren itxiera adierazpen askatasunaren kontrako beste eraso bat dela, eta horren aurka ahalik eta erantzun "zabal eta pluralena" artikulatzeko lanean jarriko direla. Hilaren 23an egingo dute bilkura Iruñeko Udaletxeko plazan, 19:00etan.
Itxieraren autoa ez dela behin betikoa azpimarratu du Llamasek gaur, eta abokatuekin helegitea aurkeztea aztertzen ari direla. "Edonola ere, ez daukagu motiborik Espainiako Justizian sinesteko, batez ere, aurretik izan diren beste hedabide batzuen itxierak ikusita".
Defendatzeko ezintasuna salatu du, azaldu duenez, ez dietelako ezer leporatu zehazki. "Ez dakigu zertan oinarritzen den Auzitegi Nazionala Ateak Ireki Herrira-ren parte dela esateko. Leporatzen zaigun guztia orokorra da". Eta galdetu du: "Zer herrialdetan itxi dezakete auzitegiek hedabide bat ustezko delituen zantzurik erakutsi gabe?".