Gaur goizean hasi da, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusian, emakumezko bat taldean bortxatzeaz akusatutako bost gizonezkoren aurkako epaiketa. Orkoienen (Nafarroa) gertatu zen erasoa, 2019ko azaroaren 29an. Fiskaltzak 54na urteko kartzela zigorra eskatu du lau akusaturentzat: 15 urte sexu eraso delituagatik, eta 39 urte beste hiruren sexu eraso delituen laguntzaile izateagatik. Bosgarren auzipetuaren kasuan, fiskalak 52 urteko zigor eskaera egin du. Epailearen ustez, pertsona horrek ez zuen erasorik egin, baina «beharrezko laguntzaile» izan zen eraso guztietan.
Foruzaingoak iaz eginiko ikerketaren arabera, zitak egiteko aplikazio baten bitartez jarri ziren erasotzaileak emakumearekin harremanetan, eta harekin gelditu ondoren egin zioten eraso. Andreak gertatutakoaren berri eman zien berehala Orkoiengo Udaleko poliziei, eta, ondoren, salaketa jarri zuen Foruzaingoaren egoitzan.
Akusazioak hala eskatuta, ateak itxita ari dira epaiketa egiten. Gaurko saioan, epailearen aurrean deklaratzekoak dira bost akusatuak; bihar, berriz, salaketa jarritako emakumea; eta hurrengo egunetan, lekukoen eta perituen txanda izanen da. Uztailaren 1ean bukatuko da epaiketa, sententziaren zain.