Azken bi asteotan Asturias eta Kantabrian bost alditan gertatu bezala, indar txikiko bi lehergailuk Galiziako kostaldeko Baiona eta Sanxenxo herrietan eztanda egin zuten atzo eguerdian. Lehergailuek Baionako kirol portuan eta Sanxenxoko Nautika Klubean egin zuten eztanda, eguerdiko 13:00 inguruan, beirakiak birziklatzeko eta zaborrontzi arrunt banaren barruan.
Hala Espainiako Barne Ministerioak nola Espainiako Gobernuak Galizian duen ordezkari Manuel Ameijeirasek egunean zehar jakinarazi zutenez, atzoko leherketetan hiru lagun arin zauritu ziren; bi Sanxenxon eta bestea, berriz, Baionan. Baionan zauritutako pertsona, gunea arakatzen ari zen guardia zibil bat da; eztandak tinpanoa zulatu zion. Sanxenxon bi gizonezko arin zauriturik eraman zituzten ospitalera, batak belarrian zauriak zituela eta besteak beso bat lokatua zuela. Biak ospitaletik etxera eraman zituzten atzo bertan. Baionan zauritutako pertsona eztandaren lekuan bertan artatu zuten. Lehergailuak beirakiak birziklatzeko ontzi batean eta zabor-ontzi arrunt batean zeuden paratuak eta, zaborrontziak puskatzeaz gain, ez zuten bestelako kalte materialik eragin.ETAren izenean hitz egin zuen ezezagun batek Gara eta El Faro de Vigo egunkarietara deitu zuen atzo 12:20 inguruan. Baionako kirol portuan eta Sanxenxoko Nautika Klubean lehergailu bana zeudela eta 13:00etan zartatuko zirela jakinarazi zuen deitu zuenak. Gara egunkariak Ertzaintzari eman zion deiaren berri eta honek Guardia Zibilari; El Faro de Vigo-k, Sanxenxoko Udaltzaingoari eta Espainiako Poliziari deitu zien.
Bi tokiak aurrez hesituak
Lehergailuen berri izan bezain laster, Espainiako segurtasun indarrek leherketak izango bide ziren bi guneak hesitu eta jendez hustu zituzten. Baionako lehergailua artezilariek kontrolpean eztandarazi zuten. Hurrengo orduak inguruak aztertzen eman zituen Poliziak eta arratsaldeko lehen orduetarako, bai Baionako Nautika Klubean, bai Sanxenxoko kirol portuan ezarritako segurtasun hesiak kendu egin zituzten.
Orotara, udaltzainak, Espainiako Poliziako kideak, guardia zibilak, suhiltzaileak eta babes zibileko kideak aritu ziren atzo hesitze eta arakatze lanetan. Besteak beste, Sanxenxoko Nautika Klubean izandako eztandaren arrastoak eta laginak bildu zituzten TEDAX taldeko kideek eta Espainiako Poliziak. Nautika Kluba eta portua ere arakatu zituzten poliziek, lehergailuak topatzen trebatutako txakurrekin. Polizia iturriek ez zuten atzo zartarazitako leherkari mota edo kopurua jakinarazi, baina azken asteotan Kantabrian eta Asturiasen izandako beste leherketen tankerako leherkariak izan direla aurreratu zuten. Leherketak erloju baten bidez zartarazi zireneko susmoa du Poliziak, iturri berberen arabera.
Zazpi leherketa hamabost egunean
Atzo Galizian izandako leherketekin, zazpi lehergailu zartaraziditu ETAk azken hamabost egunetan, Kantauriko eta Atlantikoko kostaldeetan. Gainerako bostak Asturias eta Kantabriako herrialdeetan izan ziren, hilaren hasieran. Zauritu arin bat eta kalte material urriak eragin zituzten orotara bost eztandek. Kosta osoan segurtasun neurriak areagotu dituzte.
ATENTATUAK GALIZIAN. ETA. Indar txikiko bi lehergailu jarri ditu ETAk Galiziako kostaldean
Sanxenxo eta Baiona herrietan izan ziren atzo eguerdian leherketak, eta hiru pertsona arin zauritu zituzten
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu