«Bake iraunkor eta justu bat nahi dugu Euskal Herriarentzat. Hain da garrantzitsua bake hori, ezin dugu besteen esku utzi horren martxan ezartzea; guk, Euskal Herriko herritarrok bultzatu behar dugu prozesu hori». Horra zer mezu eman zuten atzo, Baionako Lan Burtsan, 30 bateragile sozio politiko eta sindikalek.
Mezu hori abenduaren 10ean islatuko dute Baionako karriketan, Euskal Herrian: aterabide demokratikoa orain! lelopean eginen den manifestazioaren bidez. Argi dute «pilota orain Frantziako eta Espainiako estatuen eskuetan» dela, eta nazioarteko bitartekariek egin deiari «baikorki erantzuteko» exijitu zieten atzo Parisi eta Madrili. Orain arte bi gobernuek eman erantzunak «baikorrak» ez direla gaitzetsi, eta prozesuaren bidean aitzina joateko egin beharreko urratsak zerrendatu zituen Erregina Dolosor Euskal Herriko osasun arloko CFDTko kideak. Batetik, preso eriak askatu, baldintzapean atera daitezkeenak libratu, presoak Euskal Herriratu eta haien baldintzak hobetu beharko dituzte prozesuan parte hartu ahal izateko gisan. Horrez gain, legez kanpo diren erakunde eta alderdien legeztatzea, errepresioaren bukaera eta biktima guztien «errekontziliazioa, ezagupena eta konpentsazioa eta asistentzia» dira bete beharreko baldintzetan.
Dei «zabal eta indartsua»
Baionako Giza Eskubideen Liga, Cimade, Euskal Herriko Giza Eskubideen aldeko Komitea, Etxerat, Anai Artea, Askatasuna, Segi, Herriarekin, osasun arloko Euskal Herriko CFDT, LAB, Solidaires, NPA, AB eta Batasuna, guztiak dira elkarturik mezu berdina entzunarazteko: «Gatazkaren konponbide politiko, demokratiko eta baketsua nahi dugu». Helburua «aterabide integrala, demokratikoa, galtzailerik gabekoa eta eztabaidatua» lortzea izaki. Zehazki horrek zer erran nahi duen azaldu zuen Koko Abeberrik, Giza Eskubideen aldeko Euskal Herriko Komiteko lehendakariak: arazoa «bere osotasunean hartuko duen aterabidea» izanen da, «konponbide orokor bat» ekarriko duena; guztien eskubideen errespetuan oinarrituko dena, ez da galtzailerik izanen eta negoziaketa eta eztabaidaren bidez aitzina eramanen dena.
Hautetsi eta herritar batzuk ere modu pertsonalean lotu dira aldarrikapenera: Alice Leizagezahar Europe Ecologie Berdeak alderdiko eskualde mailako kontseilaria, Christine Bessonart Auzapezen Biltzarreko presidentea eta Senpereko (Lapurdi) auzapeza, Alain Iriart kontseilari nagusia eta Jean Pierre Massias zuzenbide konstituzionaleko irakaslea, besteak beste.
Zerrenda ez da horretan bukatzen. Abenduaren 10a arte herritarren eta eragileen sostengu eske segituko dute, mugimendu «zabal eta indartsu» bat lortzeko gisan. Prozesua aitzina eramanaraztea «ardura kolektibo» bat dela adierazi zuen Jean-François Lefortek, eta guztiengana joanen direla argi utzi zuen.
«Aterabide demokratikoa» aldarrikatuko dute Baionan, abenduaren 10ean
Prozesua «herritarrok bultzatu» behar dutela erranik, urratsak egiteko exijituko diete estatuei manifestazioan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu