Euria ia etenik gabe aritu da Korrika hasi aurreko orduetan; Martin Ugalde parkearen kanpoaldean zain zeudenek aterkiak zabalik eta txanoak jantzita itxaron dute ibilbideari hasiera emateko unea. Hala ere, 16:30erako atertu du, eta euria geratzearekin batera hasi du Korrika-k bere bidea.
Jendetza bildu da parkearen kanpoaldera. Kirol jantziak soinean gehienak, oholtza gainean gertatzen ari zenari begira, eta lanean beste hainbat, Korrika hasi aurreko momentuak ahalik eta hobekien biltzeko. Ekitaldira batu direnen artean izan dira Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusia, Iñaki Murua Bertsozale Elkarteko lehendakaria, Joseba Permach ezker abertzaleko kidea, Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia, Iñigo Lamarca EAEko arartekoa; Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoak, Kontuz, atsuak! saioko Marikrux eta Maikarmen... AEK-ko arduradunak ere izan dira hasierako ekitaldian; Edurne Brouard eta Mertxe Mugika, besteak beste.
Abesbatzak eta dantzariek tartekatu dituzte taula gainean Oskar Elizbururen hasierako hitzak. Edurne Brouard igo da ondoren, eta BERRIAko Samara Velte kazetariak hartu du lekukoa. Hortik aurrera, lekukoa eskuz eskuz pasa, eta Ttipi-ttapa, ttipi-ttapa Korrika oihuak eta Aurrera Korrika ziotenak entzun dira. Parkea utzi eta herrirantz abiatu da 18. Korrika.