Karmelo Corada. BesteBi elkarteko kidea

«Aterpe bat ematea da etxerik gabekoak gizarteratzeko lehen urratsa»

ainara arratibel gascon
2011ko abuztuaren 4a
00:00
Entzun
«Etxerik gabekoen babesgabetasuna erabatekoa da». Kalean bizi direnei laguntza eskaintzen dien BesteBi elkarteko Karmelo Coradak kezkatuta hitz egin du egun etxerik gabekoek bizi duten egoeraz. Jasaten duten bazterketa soziala «egiturazkoa» dela nabarmendu du.

Igo egin al da etxerik gabekoen kopurua?

Bai. Igoera hori batik bat 2007tik eman da, krisia hasi zenetik. Gero eta gehiago dira Caritasera eta beste laguntza elkarteetara jotzen dutenak lo egiteko leku bat edo janaria eskatzera. Baina laguntza jasotzeko udaletara joan behar dutenez, askok ez dute egiten, eta ezer gabe geratzen dira. Bilbon, adibidez, jangeletan 50 otordu gehiago ematen dituzte, eta okupazioa %93koa da.

Krisia hasi zenetik laguntza eskatzera joaten direnen profila aldatu egin da?

Bai. Aldaketa hori ez da bat-batekoa izan, pixkanaka eman da. Hau da, jendea ez da egun batetik bestera kalean geratu. Baina ikusten duzu hasieran janari edo lan eske etortzen dela. Baina egoera hori denboran luzatu, eta ezinbestean guregana jotzen dute aterpe eske. Familiak etorri izan dira, eta horientzat badaude gela bereziak. Baina argi dago eskaintzen diren laguntzak ez direla nahikoa, jende dezente baitago kalean bizitzen.

Babes gehiago eskatu duzue kalean bizi direnentzat.

Bai, zalantzarik gabe. Neguko aterpetxeak ixtean jende asko kalean geratzen da. Udan ere gogorra da kalean bizitzea; are gehiago aurten egin duen euriarekin. Gogorra da ez psikikoki bakarrik, baita fisikoki ere. Askok osasun arazoak dituzte horren ondorioz, baina askotan ez dira ezta sendagilearengana joaten ere. Babesgabetasun handia dute, eta erasoen beldur dira. Askotan herritarrak dira inguruan etxerik gabekoak izateagatik kexatzen direnak. Guk eskatzen duguna da erakundeen aldetik etxegabeei eskaintzen zaien laguntza aurretiazkoa eta etengabea izatea. Hau da, ez du balio aterpea ixten dutelako hari negu garaian emandako laguntza etetea. Izan ere, ordura arte egindako lana alferrikakoa baita. Gainera, gogoan izan behar da gizarte zerbitzuen legeak dioela 20.000 biztanletik gora dituzten herriek etxerik gabekoen aterperako azpiegitura bat izan behar dutela. Baina hori ez da ia inoiz betetzen. Halakoak dituzten bakarrenetakoak hiriak dira. Udal askok egiten dutena da egun batzuetan pentsio batean egoteko aukera eman. Baina argi dago horrekin ez dela ezer konpontzen. Konponbidea litzateke haiei aterpe egonkor bat ematea, hortik abiatzen baita haien gizarteratzea. Hori da pertsona horiek galdu duten gizarte sare hori berreraikitzen hasteko abiapuntua.

Garai bateko etxerik gabekoen soslaiak ez du zerikusik gaurkoarekin ezta?

Hala da. Garai batean, normalean, drogekin arazoak zituzten pertsonak ziren. Gaur egun, berriz, oso lotuta dago krisi ekonomikoarekin. Duela hiru urtera arte lana izan, baina galdu ondoren etxeko hipoteka ezin ordaindu eta kalean geratu direnak dira.

Etorkizunean egoera hobetuko dela uste duzue?

Zaila ikusten dugu. Alderantziz izango dela uste dugu. Hau da, laguntza eske etorriko zaizkigunak eta kalean geratuko direnak gehiago izango dira. Izan ere, krisiaren ondorengo urteetan lanik gabe geratu diren askori aspaldi amaitu zitzaien langabezia saria, eta denbora batez aurreztuta zuten diruari esker egin ahal izan dute aurrera. Baina aurrezki horiek ere agortu zaizkie. Familiak ere, kasu askotan, ezin die lagundu, antzeko egoeran daudelako. Beraz, baliabide ekonomikorik gabe daude. Pertsona horiek bizi duten bazterketa soziala egiturazkoa bihurtzen ari da. Espainiako Gobernuak aipatu duen egoera ekonomikoaren suspertze txiki hori ez dugu ikusten, eta ez dugu uste epe laburrean ikusiko dugunik.

Nola ikusten ari zarete desjabetzeen gaia?

Harrigarriena da bankuei eskubide gehiago aitortzea herritarrei baino. Lotsagarria da etxea kendu eta hipoteka ordaintzen jarraitu behar izatea. Bidezkoena litzateke etxea itzuliz ordaintzen jarraitu behar ez izatea. Hipoteka ordaintzen jarraitu behar izateak ezinezkoa egiten dizu beste aterpe bat bilatzea. Soldatarekin gutxienez etxe bat alokatu zenezake. Orain, Espainiako Gobernuak sekulako lorpen gisa aipatzen du 900 eurotik 600era jaitsi izana bahitu daitekeen gehienezko dirua. Harrigarriena da, halaber, desjabetze horiek aurrezki kutxek egitea. Izan ere, alde batetik gizarte ekintza bat dute, eta bestetik pisuak kentzen ari dira. Aurrezki kutxak bankarizatzeko legea ere ez dugu egoki ikusten. Europako gobernuburu askori behin eta berriz entzun diet azkenaldian kapitalismoa erreformatu behar dela, gizatiarrago bihurtu. Baina desjabetzeek argi erakusten dute kapitalismoak bere arauak dituela eta horiek aldatzeko borondaterik ez dagoela. Alderantziz, arauak gogortzen ari dira. Gobernuz kanpoko erakundeei laguntzak kentzen hasi ziren, eta pixkanaka gogortzen ari dira gizarte larrialdietako laguntzak jasotzeko baldintzak.Guk uste dugu neurri horiek koiunturalak direla, eta ez dutela ezertarako balio. Egiturazko neurriak hartu beharko lirateke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.