Altsasuko auzia

Atestatuak egiterakoan okerrak egon zirela aitortu du guardia zibil batek

Akusazioak deitutako guardia zibil batek eta Oihan Arnanzen abokatuak deitutako hainbat lekukok deklaratuko dute Altsasuko gazteen aurkako auziko laugarren egunean.

Gazteen senide eta lagunak Auzitegi Nazionalaren kanpoaldean, Madrilen. J. DANAE, FOKU
joxerra senar
2018ko apirilaren 19a
05:15
Entzun

Akusazioaren eta defentsaren lekukoen txanda izango da gaurkoan. Aurrekoetan bezala, gaurkoan ere epaiketa bertatik bertara kontatzen ari da Joxerra Senar BERRIAko kazetaria.

Jon Etxeberria altsasuarrari erakutsi dizkiote guardia zibilek tenienteari identifikaziorako erakutsitako argazkiak, eta ez du inor ezagutu: "Ez dira Altsasukoak, ez bailarakoak". Gorka Martinezek ere ez du inor ezagutu. Defentsako abokatuak galdetu dio atestatua egin zuen guardia zibiletako bati ea zergatik dauden okerrak argazkien zenbakiak jasotzean, eta hark erantzun du ez dela "borondate txarrik" egon. Beste guardia zibil batek azaldu du Informazio Unitatetik jasotzen dituztela identifikaziorako erabiltzen dituzten argazkiak. Ez du zehaztu nola aukeratzen dituzten horiek. Aldiz, adierazi du guardia zibilek eta euren bikotekideek auzipetuak identifikatu bai, baina bakoitzak zer egin zuen ez zutela zehaztu.

Etxeberria 01:00ean iritsi zen Koxkara. "Une horretan, zerbait pasa zen. Istiluak direnean paso egiten dut". Aratz Urrizolarekin zegoen, eta ez zegoen eztabaidan. Koxkan, 03:00ak arte egon ziren. Etxeberriak dio Urrizola etxerantz joan zela, Koxkatik kontrako norabidean. Ez zuten gehiago ikusi gau osoan. Haren istorioa bat dator Aratz Urrizolak astelehenean egindako testigantzarekin.

Laugarren auzi saioan Cristina Arrieta zerbitzariak ere deklaratu du. Lankideen moduan, hark ere ukatu egin du borrokarik ikusi izana. "Musika altua egon ohi da, eta edariak zerbitzatzen dira. Argi gutxi dago, eta bakarrik atarian daude argiak", esan du, baina gaineratu du aurrekoetan borrokak izan direnean "nabaritu" izan duela.

Oihan Arnanz deskribatzeko eskatuta, ilea gaztaina kolorekoa eta "begiak marroiak" dituela esan du Arrietak. Aldiz, akusazioak dio ile horia duela eta begi urdinak dituela. Fiskalak galdetu dio ea Ospa mugimenduaren ekitaldietan parte hartu duen, eta esan du bazkariren batean parte hartu duela.

Kenneth Bergarak deklaratu du Koxkan egon zela 05:30ak arte. Ikusi zuen gertaera. "Ez dakit Oihan noiz sartu zen, eta barran ikusi nuen". Eztabaida hastean, esan du "bereizi" egin zuela, komunerantz. Itzultzean tentsioa nabaritu zuen, baina ez zuen istilurik ikusi. Bergara Julen Goikoetxearekin egon zen 02:30etik 05:30ak aldera arte. Ez zuen ikusi inor iraintzen edo kolpeak ematen, edo talde bat inguratzen. Joan Ander Cobez galdetuta, esan du hura ikusi zuenerako foruzainak eta anbulantziak han zaudela. 

Bergarak tenientea lurrean ikusi zuen, eta han zegoela ostikadak eman zizkiotela dio. "Uste dut erori zela hankan mina zuelako". Ez du gogoan Josu Muñoa Koxka tabernako jabea. Saiatu zen Maria Jose Naranjo lasaitzen. Tenienteak ordurako telefonoz deitu zuen. "Odola zegoen". Hurrengo egunetan Naranjoren anaiarekin hitz egin zuen Bergarak, eta esan zion "egon behar ez zuen jendea" sartu zutela auzian. Presioa nabaritu duela aitortu du.

Bergarak Arnantz eztabaidatik atera zuela berretsi du Rebeca Mendoza lekukoak, eta gaineratu du Jokin Unamuno ikusi zuela beste pertsona batekin eztabaidan, baina gero, taberna hustu zenean, Unamunok tabernan jarraitu zuela. Gogoan du mutil batek esan zuela "mobida bat" egon zela eta hobe zela ez ateratzea. Eztabaida hasi zenean, ikusi zuen Pauletek Oihan Arnanz bereizi zuela "berotuta" zegoelako.

Beste bi lekuko ziren deklaratzekoak, baina Arnanzen defentsak uko egin die.

Tabernako jabeak eta zerbitzarietako batek, eta foruzainek deklaratu zuten atzokoan. Lehenengoek esan dute ez zutela borrokarik ikusi taberna barruan, eta ukatu egin dute aretoan guardia zibilek eta haien bikotekideek esandako adinako jenderik zegoela. Foruzaingoak, berriz, onartu du "tentsio handia" zegoela iritsi zirenean, baina ez zuten antzeman "egoera lazgarririk".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.