Gipuzkoan atez ateko bilketa sistema jartzen duen zortzigarren herria da Astigarraga. Kamioi batek ontzi arinak Joseba Barandiaran plazan jasotzearekin batera, Andoni Gartzia alkateak azaldu du "normaltasun osoz" ekin diotela egunari. "Gauzak ondo egiteko grina dugu eta horregatik ekin diogu hondakinen bilketa sistema honi". Balkoi batzuetan zakar boltsak ikusten dira, protesta gisa. Alkateak, aldiz, esan du giroa "baretuta" dagoela. "Jendeak borondatea du gauzak ondo egiteko eta pazientziarekin egingo dugu aurrera".
Iñaki Errazkin Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen dipiutatuak Astigarraga zoriondu du: "Herri honen pauso bat da zero zabor bidean". Bide horretan, hainbat herri "hitzetatik ekintzetara" pasatzen ari direla nabarmendu du. "Gainera, enplegu berdea sortzen ari gara. Krisi garai honetan, Gipuzkoan 600-700 lanpostu inguru sor daitezke. Eta hori serio hartzeko modukoa da". Hondakin bilketa sistemaren aldaketarekin "pazientzia eta konpromisoa" behar direla uste du Errazkinek.
Atez atekoa martxan jarriko duten hurrengo herria Lezo izango da, aste gutxi barru.