Usurbilgo alkate Xabier Mikel Errekondok nabarmendu zuen Gipuzkoako konpostatzeko azpiegiturak «egokitu» egin behar direla, herritarrak egiten ari diren ahaleginari erantzuteko. Errekondok salatu zuen Lapatxeko plantan bi eta lau egun artean egoten dela materia organikoa tratatua izan aurretik.
Horren haritik, Maria Beitialarrangoitia Hernaniko alkateak adierazi zuen partzuergoko lehendakari Carlos Ormazabali berarekin biltzea eskatu diotela, «zabaldu dituen faltsukeriak»argitzeko. Alde horretatik, herriotan biltzen den organikoari egiten zaizkion azterketetan presente egoteko aukera izatea eskatuko diotela aurreratu zuen. «Oraindik ere udal ordezkarioi urratu egiten baitzaigu gure organikoari azterketak egiten zaizkionean Lapatxen egoteko eskubidea». Elkarlanerako deia egin zuen Beitialarrangoitiak: «Elkarlanerako prestasun osoa dugu erakunde guztiok hondakinen kudeaketaren arazoari konponbide egokia emateko. Partzuergoari dei egiten diogu intoxikazio kanpainak, gezurrak eta faltsukeriak alde batera uzteko, eta herritarron mesederako zentzuzko politika martxan jartzeko».
Edonola, Partzuergoarekin ez direla fio iradoki zuen Aitor Etxeberria Oiartzungo alkateak: «Ohartzen gara gure organikoa Partzuergoaren esku uztea oiloak azeriaren zaintzapean uztea bezalakoxea dela, baina ohartarazten dugu ez dugula onartuko herritarrak zintzo-zintzo egunero egiten duen ahalegina utzikeriagatik zabortegira botatzea».