Mario Rodriguez Vargas. Espainiako Greenpeaceko burua

«Atez atekoa da gaikako bilketa eraginkorra egiteko sistema bakarra»

Ingurumena du buruan: eredu energetikoa, klima aldaketa, hondakinen bilketa, basoak, itsasoak... Hori eta gehiago da ingurumena.

JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Arnaitz Lasarte.
Donostia
2012ko apirilaren 29a
00:00
Entzun
Otsailaz geroztik, Espainiako Greenpeaceko zuzendaria da Mario Rodriguez Vargas (Madril,1965). Bileraz bilera, hitzaldiz hitzaldi dabil azkenaldian, «oso lanpetuta, baina ilusioz». Krisialdia eredu alternatiboak badaudela erakusteko une «erakargarria» dela uste baitu Rodriguezek. Naturaldia jardunaldien barruan, Tolosan (Gipuzkoa) antolatu zuten zineforum batean parte hartu zuen asteazkenean.

Zein egoeratan dago gure planeta?

Aro berri baten aurrean dagoela esaten dut: gizakiak dena kontrolatzen duen aroan, onerako zein txarrerako. Eta, sarritan, oso inozo ari da jokatzen gizakia, bizi den lekua suntsitzen ari baita. Ikusi aldaketa klimatikoa edo espezie batzuk nola ari diren desagertzen.Ezarri nahi dugun ereduaksuntsitzera garamatza.

Zein dira suntzitze horren erantzule? Herritarrakedo erakundeak?

Maila desberdinean, baina denona da erantzukizuna. Agintariek, noski, zeresan handia dute ingurumenaren zaintzan, neurri orokorrak haiek hartzen dituztelako. Baina egia da, halaber, sistema demokratiko batean agintariak herritarrek aukeratuak direla. Bestalde, pertsona bakoitzaren jarrera ere oso garrantzitsua da. Batek esango du «ingurumenaren kontzientzia dut»; gero, ordea, haren bizitzeko moduak ez du hori erakutsiko: gai toxikoak sortuko ditu edo kontsumo eredu okerra segituko du. Argi izan behar dugu egungo sistemaren erantzule denok garela.

Nabaritu al duzue krisi garaian herritarrek interes gutxiago dutela ingurumenaren aldeko borrokan?

Gauden egoeran normala da jendearen lehentasuna jatekoa izatea. Garai zailak dira. Hala ere, inork ez du ikusi nahi ibai kutsaturik edo marea beltzik, inork ez du nahi enpresa toxikorik inguruan. Tamalez, ordea, bada joera txar bat ere: herritarrek zein agintariek pentsatzen dute ingurumena oztopoa dela krisitik ateratzeko. Okerra da hori. Ekonomia berdeak aterako gaitu krisitik, energia berriztagarriek, nekazaritza ekologikoak, mugikortasun eta turismo politika iraunkorrek...

Krisiaren ondorioz azpiegitura handi batzuen lanak gelditu dira...

Krisiak eragin on bat utzi du, behintzat. Urte askoan eraiki dira azpiegitura zentzugabeak: hegazkinik gabeko aireportuak, autorik gabeko autobideak. Orain, azpiegitura horietako batzuen lanak gelditu behar izan dituzte. Agintariek ez dituzte lanak gelditu erabaki okerrak hartu zituztela ohartu direlako, dirurik ez dutelako baizik. Une hau baliatu behar dugu sistema honen alternatibak badaudela erakusteko.

Energia eredua aldatzea da Greenpeacen proposamenetako bat.

Bai, sinesten dugulako eredu energetikoa aldatuta eredu ekonomikoa ere aldatuko dela. Egungo eredu energetikoa da planetaren arazo nagusia den klima aldaketa eragiten duena. Klima aldaketak ez du esan nahi, soilik, bero apur bat gehiago pasatuko dugula. Arazo horrek ekonomiari eragiten dio, ekologiari, herritarren bizitzari. Horregatik, ez du zentzurik Espainiako Gobernuak energia berriztagarrientzat ematen zituen diru laguntzak bertan behera uzteak, eta, aldi berean, ikatzari edo petrolioari lotutako energia ekoizpena indartzeak.

Garoñako zentral nuklearraren bizitza luzatu nahi du Espainiako Gobernuak, adibidez. Zer iruditzen zaizu?

Inork ez du ulertzen nola luzatu nahi duten «kafegailu atomiko» baten bizitza. Oso sistema arriskutsua da nuklearrena. Garoñan, gainera, martxan jarrita zegoen birmoldatze ekonomiko bat; ingurua suspertzeko konpromisoa zegoen. Garoña ixteko, amaiera arte borrokatuko dugu. Konfiantza dugu Euskal Herrian eta Gaztela Leonen dagoen oposizioan.

Euskal Herrian puri-purian dagoen beste gai bat hondakinena da. Zuek zein sistema defendatzen duzue?

Gure jarrera argia da hondakinen gaian. Errauste plantak eraikitzearen aurka gaude. Hondakinei dagokionez, bi eredu planteatzen dira: hondakinak erretzea lehengaiak galduz eta gai toxikoak igorriz, edo hondakinen gaikako bilketa bat egitea. Guk gaikako bilketaren alde egiten dugu; eta bilketa eraginkorra izateko, atez atekoa da modu bakarra. Gero, eztabaidatu daiteke leku bakoitzaren ezaugarrien arabera zer nolako atez ateko sistema ezarri behar den. Baina bide bakarra hori da behar den bezalako hondakinen gaikako bilketa bat egiteko.

Pasaiako Portua handitzearen aurka ere agertu zarete behin baino gehiagotan. Nola dago kontua?

Politikoki, zoritxarrez, oso zaila izango da proiektua gelditzea. EAJren apustu nagusietako bat da; PPk eta PSOEk ere ez dute oposiziorik egiten. Borroka soziala ezinbestekoa izango da portua handitzea gelditzeko. Gure borrokaren ikurretako bat da Pasaiako Portuko proiektua. Zertarako handitu nahi dute itsas trafikorik izango ez duen portu bat? Jaizkibelgo itsaslabarra suntsitzea erokeria bat da.

Zein da abiadura handiko trenaren inguruan duzuen ikuspuntua?

Herritarren beharrei erantzuten dieten trenbideen alde dago Greenpeace. Trenbideak egitekotan, hala ere, iraunkortasun irizpideak erabili behar dira. Trenaren lanek ingurumenean eragingo dituzten kalteak aztertu eta neurtu behar dira. Agian, lurralde batzuetarako tren lasterra beharrezkoa izango da, urruti dauden tokiak komunikatzeko. Ez dut uste, ordea, zentzurik duenik elkarrengandik 80-100 kilometrora dauden hiriburuak AHTaren bidez elkartzeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.