Hondakinen bilketari buruzko herri galdeketa egin zutenetik bederatzi egunera erantzun du Legazpiko Udalak: ez atez atekoa, ez bosgarren edukiontzia. Bi sistemak batera erabiltzea proposatu du.
Oraindik ez du zehaztu hori nola gauzatuko duten, baina proposamena plazaratu dute, gaur arratsean, udal ordezkariek: herritar bakoitzak aukeratu ahal izatea materia organikoa atez ate edo bosgarren edukiontziarekin jasoko dioten.
Udalak adierazi du zalantzarik ez dela materia organikoa bereizita biltzeko beharrari buruz, eta azken hilabeteetako eztabaidaren eraginez herritarrek kontzientzia hori hartu dutela uste du.
Herri galdeketak erakutsi du, ordea, Legazpin bi sentsibilitate daudela, udal ordezkarien esanetan. Sentsibilitate horiei kasu eginez, herritar bakoitzak bilketa modua aukeratu ahal izatea proposatu du.
Legazpi "zero zabor herri" izateko helburuari ez dio uko egiten udalak, Kepa Urzelai alkateak gaur arratsaldean adierazi duenez.
Hiri hondakinen %73 bereizita biltzera iritsi nahi du udalak; egungo birziklatze tasa "kaskarra" dela zehaztu du, hondakinen bi herenak zabortegira baitoaz, eta heren bat bakarrik biltzen baitu bereizita (%33 alegia).
Horregatik, helburuak eta herritarren nahiak aintzat hartuz, bi bilketa moduen arteko "elkarbizitza" epe bat jartzea proposatu du udalak.
Urte bukaera arte proban
Jarraipen batzorde bat ere sortuko du udalak, herriko eragileekin, sistema misto berri horrek zer-nolako emaitzak emango dituen aztertzeko.
Urte bukaera arte jarraituko luke martxan sistema horrek. Espero dute sei bat hilabetean bi sistemak erabiliko dituztela, eta ondoren, urte bukaeran, azterketa eta balantzea egingo lukete, ondorioak ateratzeko.
Materia organikoaz aparte, gainerako hondakin frakzioak nola jasoko lituzketen ere aztertuko du udalak, mankomunitatearekin.
Oraingoz proposamena baino ez dela eta xehetasun teknikoak lotzeko daudela ñabartu du Legazpiko Udalak.