Nafarroako iparraldeko sei herrik atez ateko sistema ezarriko dute. Halaxe erabaki dute Lesaka, Bera, Irurita, Elizondo, Sunbilla eta Doneztebeko Udalek. Hondakin organikoak eta errefusa jasoko dituzte atez ate. Gainerako hondakin frakzioak —beira, papera, plastikoa, pilak...— kaleko edukiontzien bidez jasotzen jarraituko dute. Aralarrek hartu du erabakia Berako Udalean —joan den astean jakinarazi zuen—, eta Bilduk gainontzeko herrietan.
Erabakiak hainbat erreakzio eragin ditu. Bilduren esanetan, erabakirik egokiena hartu dute. EAJ, ordea, ez da iritzi berekoa. Lesakan, esaterako, herri kontsulta egiteko eskatu du, herritarrek sistemaren inguruan nahiko informazio ez daukatela argudiatuta. NaBai alderdiak ere eskatu zuen herri kontsulta Altsasun zein Etxarri Aranatzen; EAJk gauza berbera egin du Lesakan.