Hondakinak

Atez atekoari buruzko hitzaldi batzuk bertan behera utzi ditu PSCk

Hector Gonzalez Tainako zinegotziak antolatzaileei esan die "erabat lotsatuta" eta "oso haserre" dagoela. Hitzaldien antolatzaileek uste dute PSE-EEk eskatu diola PSCri hitzaldiak bertan behera uzteko.

2013ko martxoaren 21a
14:43
Entzun

Egunotan Gipuzkoan hitzaldi sorta bat ematekoa zen Hector Gonzalez Tainako Ingurumen zinegotzia (Herrialde Katalanak), baina bertan behera utzi ditu.

Hitzaldien antolatzaileek adierazi dute PSE-EEk eskatu duela hitzaldiak bertan behera uzteko: "PSE-EEren presioaren ondorioz, PSCk Hector Gonzalez zinegotziari ukatu egin dio Eskoriatzara etortzeko baimena".

"Oso haserre" eta lotsatuta dagoela esan dio Gonzalezek BERRIAri: "Erabat lotsatuta nago gertatutakoarekin". Atez atekoarekin horrelako giroa sortzea ulertezina dela esan du. Herritarrei barkamena eskatu die; hitzaldiak emateko gogoa gelditu zaiola erantsi du.

Dena den, ez du baieztatu hitzaldiak bertan behera uztearen atzean PSE-EEren eskakizun bat dagoenik. Alkateak esan bide dio oraingoz hobe izango dela hitzaldiak ematera ez joatea.

"Nik ez dakit nondik datorren erabakia; azkeneko katebegia naiz". Egun pare bat itxaroteko ere eskatu du, zer gertatzen ari den argitzeko.

"Presioa"

EH BIldu koalizioak salatu du PSE-EEk utziarazi dituela hitzaldiak bertan behera: "PSE-EEk beldur dio eztabaida aske eta zentzudun bat izateari, eta horregatik presio egin die PSCko kideei".

"PSOEk beste lekuetan onartzen duena ez du Gipuzkoan onartzen", nabarmendu du EH Bilduk. Katalunian ez ezik, Mallorcan, Madrilen eta Galizian atez ateko bilketaren alde egiten dute sozialistek, koalizioaren hitzetan.

Gipuzkoan, aldiz, PSE-EEk "interes ekonomiko eta alderdikoiak" lehenesten dituela salatu du EH Bilduk: "Gaia erabat politizatu nahi du, eta demokraziaren oinarri den informazioa libreki eskuratzeko eskubideari traba egiten dio".

Hiri hondakinen tratamenduari buruzko eztabaida sosegatzeko eskatu du koalizioak, eta gainerako alderdi politikoei arduraz jokatzeko eskatu die, "birziklapenaren gizartea" eraikitzeko egitasmoekin bat eginez.

Taina izan zen Katalunian atez ateko bilketa jarri zuen lehen herrietako bat, eta emaitzekin "harro" dagoela esan die Gonzalezek hitzaldien antolatzaileei: "Munduko edozein lekutan aurkeztu eta defendatzeko prest nago".

Lezon, Zarautzen, Eskoriatzan eta Villabonan eman behar zituen hitzaldiak Gonzalezek, Atez atekoa edo bosgarren edukiontzia? izenburuarekin, PSCko beste zinegotzi batekin. Udalek antolatuak ziren hitzaldiak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.