Xabier Atristain eta Juan Carlos Besance espetxeratzeko agindu du Ismael Moreno Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak. Atristain eta Besance joan den asteko asteazkenean atxilotu zituzten, Usurbilen eta Villabonan, eta, bost egunez inkomunikatuta egon ondoren, atzo pasatu ziren epailearen aurretik. Guardia Zibilaren txostenetan eta polizia etxeetan eginiko deklarazioetan oinarrituta, ETAko kide izatea eta lehergaiak eta armak gordetzea egotzi die biei.
Amnistiaren Aldeko Mugimenduak jakinarazi duenez, epailearen aurretik pasatu eta inkomunikazio kendu ondoren, konfiantzazko abokatuekin bost minutuz hitz egiteko aukera izan zuten atzo. Inkomunikatuta egon diren egunetan «tortura latzak» jasan dituztela adierazi dute. AAMk datozen egunetan emango ditu atxiloaldiari buruzko xehetasunak.
Polizia operazio berean atxilotu zuten Jesus Mari Besance-Juan Carlos Besanceren anaia-, eta igandean utzi zuten libre, Madrilen, epailearen aurretik pasatu gabe. Inkomunikatuta egon den egunetan tortura fisikorik ez diotela egin, baina tratu psikologikoa «oso gogorra» izan dela salatu zuen, eta kezka agertu zuen, atxilotuta jarraitzen zuten beste bi pertsonei polizia etxean zer-nolako tratua emango zieten. Besteak beste, harekin batera atxilotutakoen deklarazioak entzunarazi zizkiotela adierazi zuen.
Inkomunikatuta egon den egunetan, Atristain bi aldiz ekarri dute Madrildik Donostiara. Gipuzkoako hiriburuko Puio auzoko trasteleku batean eginiko miaketetan parte hartu zuen ostiralean, eta, igandean, Donostiako erdialdeko etxe batean eginikoan. Etxe hori atxiloketen egunean ere miatu zuten poliziek. Ismael Moreno epailearen autoan jasotzen denez, trasteleku eta etxe horietan, besteak beste, 75 kilo lehergai eta armak aurkitu dituzte. Era berean, Villabonako Arroa auzoko garaje batean 101 kilo lehergai eta lapurtutako auto bat atzeman dutela dio epaileak. garaje hori Juan Carlos Besancerena litzateke.
Lehergaia eta armak gordetzearekin batera, ETAko kide izatea egotzi die epaileak. Autoan dio biak 2008an Venezuelara joan zirela armak erabiltzen jakiteko ikastaroak hartzera, Arturo Cubillas Venezuelako Gobernuko funtzionarioaren eskutik. Espainiako Auzitegi Nazionalak Cubillasen atxiloketa agindu zuen duela zazpi hilabete, ETA eta Kolonbiako FARC talde armatuaren arteko lotura ikertzen ari duen auzi bat dela medio. Venezuelako Gobernuak ez du aintzat hartu Espainiako Justiziaren eskaria.
Poliziaren jarraipena
Ondoren, Atristain eta Besance Ibai Beobide ustezko etakidearen aginduetara aritu zirela dio epaileak. Irungo enpresari bati eta Villabonako ertzain bati buruzko informazioa jaso zutela dio.
Ibai Beobide otsailean atxilotu zuten, Asteasutik Villabonara bizikletaz zihoala. Inkomunikatuta egon zen egunetan torturatu egin zutela salatu zuen. Poliziaren aurrean eginiko deklarazioetan oinarrituta, sei pertsona atxilotu zituzten orduan, eta, beste batzuen artean, Atristain atxilotzeko agindu zuen epaileak. Aste batzuk geroago, Atristainek bere burua aurkeztu zuen Miarritzeko aireportuko polizia etxean. Espainiara estraditatu eta epailearen aurretik igaro ondoren, aske gelditu zen aurtengo apirilean.
Epaileak dioenez, ordutik Atristainen mugimenduak jarraitzen aritu ziren poliziak. Epailearen arabera, irailaren 27an eta 28an -atxilotu aurreko egunean- Atristain eta Besance bildu ziren «gordeta zeukaten materiala desagerrarazteko».
Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Barne ministroak, berriz, Besanceri leporatu dio Jose Javier Mugika Leitzako UPNko zinegotziaren hilketan parte hartzea eta Jose Ramon Rekalde PSE-EEko kide eta Eusko Jaurlaritzako Justizia sailburu ohiaren aurkako atentatu saioan parte hartzea. Epailea bi atxilotuekin zela egin zituen adierazpenok Rubalacabak, atzo. Espetxeratze autoak ez du jasotzen Rubalcabak leporatutakoa.
Atristainek eta Besancek «tortura latzak» jasan dituztela salatu dute
ETAko kide izatea eta lehergaiak eta armak gordetzea egotzi die epaileak, eta biak espetxeratzeko agindu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu