Atsedena, urteroko bidaian

Milaka pertsona ari dira egunotan Euskal Herria zeharkatzen. Batzuk iparraldera doaz, baina horietako gehienek Portugal eta Magrebeko herrialdeak dituzte helmuga. Oiartzunen, A-8 autobidean, dute atsedenlekuetako bat.

mikel lizarralde
Oiartzun
2011ko uztailaren 31
00:00
Entzun
Oporretarako bidea hartuta gehienak, eta jaiegunak pasatuta beste batzuk. Oiartzungo (Gipuzkoa) A-8 autobideko zerbitzugunea eta denda egunotan Europa zeharkatzen ari diren milaka bidaiariren atsedenleku bilakatu ziren atzo. Euskal Herriko errepide sare nagusiko gainerako atsedenlekuetan bezala, ibilgailu ugari zegoen Oiartzungoan goizeko hamaikak aldera. Jendea, erruz. Eta auto ordu askoren ondorioak ere nabariak neke aurpegietan. Aurrera segitu behar zuten denek, ordea, eta pixka bat atseden hartuta, bazihoazen, bidean aurkituko zituzten oztopoen beldur.

«Oraintxe bertan iritsi gara, eta atseden hartu behar dugu, azken ordua oso gogorra izan baita». Pedro Borreiro eta familiari A-8 autobideko ordainlekuan sortutako auto ilara luzean denbora asko igarotzea egokitu zitzaien, eta ogitartekoak eskuan, indarrak berreskuratzen ari ziren. Orleansen bizi dira, Frantzian, baina jatorri portugaldarrekoak dira, eta Lisboatik gertu dagoen herri txiki batera zihoazen. Urtero bezala, familiarekin egotera. «Gainera, agian, denak elkarrekin joaten garen azken urtea da. Alaba unibertsitatean hasiko da hurrengo ikasturtean, eta udan lan egin beharko du».

Aurreko asteetan magrebtarrak izan dira nagusi errepidean, batik bat Frantziatik sorterrira doazen familiak. Atzo, aldiz, marokoar, aljeriar eta tunisiar gutxi ikusten zen Oiartzunen, eta frantsesa eta portugesa aditzen zen gehienbat atsedenlekuan. Pedro Miguel Pauleta, haren lehengusu Melenis Carvalho eta horren bikotekide Sofiane Kadouri gazteak ohituak daude urtero bide bera egitera. Frantzia-Portugal. Paris-Setubal. «Bi mila kilometro inguru dira, eta astuna egiten da bidea, batik bat zirkulazio handia dagoelako, eta behin baino gehiagotan gelditu beharko dugulako auto ilara batean». Beste gidari batek AP-1 autobidean, Zigoitian (Araba), zazpi bat kilometroko ilarak zeudela esan zienean, Pauleta, Carvalho eta Kadouriri aurpegia histu zitzaien: «Iaz ondo pasatu genuen tarte hori, eta Burgosen aurkitu genituen ilarak. Agian, beste bide bat hartuko dugu...»

Gehienak oporrak sorterrian igarotzera bazihoazen ere, baziren Oiartzunen datorren astetik aurrera lanean hasi behar dutenak ere. Paolo Gomesek hiru aste pasatu ditu Suitzan, bertako lagun batzuen etxean, baina bihar du laneko lehenengo eguna, eta errepidean igaro ditu azken orduak. «Azken unera arte ez dut itzuli nahi izan, nahiz eta bidaia luzea izan». Bakarrik ari da bidaia egiten, eta, ondorioz, askotan gelditzen da atseden hartzera. «Hemen ordubete inguru egingo dut, eta gero Burgos aldean berriro geldituko naiz». Musika du lagun bakarra ibilgailuan, eta CD ugarirekin ari da bidaiatzen: « Bi mila kilometro egiteko, era guztietakoak behar dituzu, baina batik bat rock diskoak daramatzat: Pearl Jam, Nirvana, Rolling Stones... lo hartzen utziko ez didatenak (kar kar)».

Oporrak amaitu dituzte Adriana Helereak eta haren senarrak ere. Errumaniarrak dira biak, baina azken bost urteak Madrilen daramate bizitzen, eta uztaileko oporrak baliatu dituzte etxekoei bisita egiteko. Penaz eta «oso nekatuta» zeuden atzo. «Triste, gurasoak dagoeneko zaharrak direlako eta datozen urtera arte ez ditugulako ikusiko. Baina astelehenean lanean hasi behar du senarrak». Hiru mila kilometrotik gora eginak zituzten atzo, eta azken txanpan zeuden. Nolanahi ere, artean Madrilera iristea kostako zitzaiela onartzen zuten: «Izango dira auto ilarak. Aurretik ere izan ditugu beste batzuk, Alemanian eta Frantzian, eta harritzekoa litzateke besterik ez aurkitzea». Ostegun goizean atera ziren Craiovatik, eta gidari lana txandakatzen egiten ari ziren bidaia, lo egiteko gelditu gabe. «Batek gidatzen duenean, besteak lo egiten du. Eta alderantziz».

Informazio gunea

Oiartzunen bidaiariei laguntzeko informazio gune bat dago, baina atzo egun lasaia zuten. «Batik bat magrebtarrei laguntzeko gunea da, eta horiek dagoeneko pasatu dira», zioen June Mitxelenak, bidaiariei harrera egiten dien langileak. «Gehienek errepideei buruzko informazioa nahi dute, eta eskertzen dute. Aurten, adibidez, Burgos eta Madril artean, A1 autobian, obrak egiten ari dira, eta hori jakinarazteaz gain, zein beste aukera duten zehazten diegu».

Informazio gunea astelehenean itxiko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.