Ehun bat lagun elkartu dira Derion, Bizkaiko EAJk antolatutako BizkaiaGO! egitasmoan. Horren bidez, Bizkai osoan mila lagun baino gehiagoren proposamenak bildu nahi dituzte, "suspertze ekonomikoari eta enplegu sorrerari" dagokienez. Ekitaldiaren harira egindako adierazpenetan, Arabara ere bideratu du arreta Itxaso Atutxa Bizkai Buru Batzarreko presidenteak: Javier Maroto Gasteizko alkateaz eta Javier de Andres Arabako ahaldun nagusiaz mintzatu da.
Atutxaren arabera, "euskal hiritarrak langileak, ekintzaileak eta solidarioak" dira, baina "penagarria" deritzo "buruzagi politiko batzuk" horrelakoak ez izateari: "Zorionez, Maroto eta De Andresen sinesgarritasunari atzera egiteko ordua heldu zaio. Beraiek izan dira uxatzea lortu dutenak, haien demagogia, berekoikeria eta kontraesanekin".
Bi eurotik bat, gizarte ekintzara
Lurraldeko ekonomiari dagokionez, Atutxak uste du Bizkaia dela "adibiderik onena" enpleguaren sorrera eta suspertze ekonomikoa kalitatezko ongizate sistemarekin "bateragarriak" direla erakusteko. Azaldu duenez, diputazioak kudeatzen duen bi eurotik bat gizarte ekintzara bideratzen da. "Hiru urtetan 6.000 lanpostu berri sortu ditugu 50 milioi euro inguruko foru inbertsioari esker", gaineratu du.
Apirilean abiatu zuen EAJk BizkaiaGo! egitasmoa; Getxon eta Lekeition saioak egin dituzte dagoeneko. Atutxarekin batera, Derioko ekitaldian izan direnen artean daude Jose Luis Bilbao ahaldun nagusia, Unai Rementeria Batzar Nagusietako bozeramaile eta ahaldun nagusigaia, Josune Ariztondo aldundiko Kultura diputatua eta Imanol Pradales Ekonomia diputatua.