HONDAKINAK

Atxikimendu ugari bildu ditu errauste plantaren kontrako martxak

50 taldek baino gehiagok deitu dute igandean Zubietara joatera.

Zubietako errauste plantaren aurkako giza katea Andoainen. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS
2016ko otsailaren 23a
14:10
Entzun

Errausketaren Kontrako Mugimenduak igandean Zubietara antolatu duen martxak atxikimendu ugari lortu ditu. Zerrenda hori "erraustegi proiektuaren kontrako oposizioa bizi-bizi dabilen sintoma berri bat baino ez da", antolatzaileen arabera: "Foru Aldundiak mehatxua berpiztu du, eta, ondorioz, azken urteotan lozorroan egon den oposizioa ere aktibatu egin da, ederki aktibatu ere".

Horren adibide gisa aipatu dituzte Aiztondo plataforma, Villabonan, Zizurkilen, Adunan, Alkizan, Asteasun eta Larraulen erraustegiaren kontra dauden herritarren bilgunea, eta larunbatean Andoainen, Ipar Haizeak deituta, egin zen giza katea. Halaber, gaur bertan, 19.00etan, Hernaniko Udalak Erraustegirik ez, ez Zubietan eta ez beste inon izenburuko mozioa eztabaidatuko du, Hernani Zero Zaborrek proposatuta. Usurbilgoak, berriz, gaur bertan, baimena eskatuko dio ofizialki Espainiako Gobernuari herrian erraustegiari buruzko kontsulta bat egiteko. Bihar, Lasarte-Oriako txanda izango da; izan ere, bertako kultur etxean, hitzaldi bat egingo dute Iñigo Suberbiola, Maialen Berridi eta Joxerra Furundarena mediku eta Osasuna eta Errausketa Ikerketa Taldeko kideek, 19:00etan.
 
Igandeko martxa hainbat herritatik abiatuko da. Denek bat egingo dute eguerdi aldera, Letabiden, Gipuzkoako Foru Aldundiak erraustegia eraiki nahi duen parajean. Gero, elkarrekin jaitsiko dira Zubietara. Bertako frontoian, 13:00 aldera, martxa burutzeko ekitaldia izango da.

Andoainen, merkatutik abiatuko dira, 08:00etan; Zizurkilen, plazatik, 08:00etan; Hernanin, Gudarien plazatik, 08:30ean; Añorga Txikitik, 09:30ean; Lasarte-Orian, Okendotik, 10:30ean; Zubietan, plazatik, 11:00etan; eta Usurbilen, frontoitik, 11:00etan. Parte hartzaileen elkargune nagusiak Lasarte-Oriakoa eta Zubietakoa izango dira.

Atxikimendua emandakoen artean daude Ernai, Irabazi, Equo, Sortu, EH Bildu, Ezker Anitza, CCOO, LAB eta ESK.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.