Eusko Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetza idazkari Jonan Fernandezek abokatuen aurkako polizia operazioari azalpena emateko "arrazoi juridikoak" eskatu ditu, "baita konfiskatu dituzten gauzei buruzkoa ere", gaur goizean Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan.
Halaber, Espainiako Gobernuaren presioek eragina izan dutela esan du Auzitegi Gorenak espetxe zigorren bateratzeari buruz harturiko erabakian. Fernandezek uste du erabakiak ez duela, zuzenbideari dagokionez, "zentzurik", eta Europako zuzentaraua baliogabatzen duela. "Arazo larriak daude estatu demokratikoaren funtzionamenduan".
Gaineratu du erabaki hau bereziki larria dela Kepa Pikabea bezalako presoen auzian. Izan ere, iruditzen zaio, Langraiz bidea hartu duten presoetako bat izaki, Espainiako Gobernuak kolektibo horrek hartutako bidea "babestu" egin beharko lukeela.
"Espainiako Gobernuak ez du elkarbizitzarako eta gizarteratzeko planik; badirudi Barne Ministerioak markaturiko politika propagandistikoa bakarrik daukala", adierazi du.