Atxiloketek bake prozesua trabatzen dutela salatu dute

'Atxiloketa gehiago ez! Tortura amaitu!' agiria aurkeztu dute hainbat erakunde eta alderdi politikok

AAMko Oihana Agirre eta TATeko Lorea Bilbao, erakunde sinatzailetako ordezkariez inguratuta. J. MANTEROLA / EFE.
Samara Velte.
Donostia
2011ko martxoaren 5a
00:00
Entzun
Espainiako Gobernuak atxiloketak prozesu demokratikoa oztopatzeko baliatzen dituela salatu zuten atzo hainbat alderdi eta erakundetako ordezkariek, Atxiloketa gehiago ez! Tortura amaitu! izenburuko agiriaren berri ematearekin batera. AAM Amnistiaren Aldeko Mugimenduko Oihana Agirrek esan duenez, azkenaldian izan diren atxiloketekin «Euskal Herrian loratu den ilusioa ito nahi izan dute Espainiako agintariek».

Agerraldian izan ziren, besteak beste, AAMko eta Torturaren Aurkako Taldeko ordezkariak, ezker abertzalekoak, Aralarrekoak, EAkoak eta Alternatibakoak. LAB, Hiru, EHNE, ESK eta EILAS sindikatuetako kideak ere han zeuden.

Bereziki asteartean Bilbon atxilotutako pertsonak izan dituzte gogoan; horiek ere bake prozesua oztopatzeko tresna gisa erabili dituztela salatu dute. Inkomunikazioak dirauen bitartean jaso dezaketen tratuagatik kezkatuta agertu dira, eta Espainiako Gobernuari tortura bertan behera uzteko exijitu diote, prozesu demokratikoa gauzatzerakoan lekurik izan behar ez lukeelako.

Adierazi dutenez, gatazka politikoa gainditzeko «aurrekaririk gabeko momentuak» bizi ditu Euskal Herriak. Sektore politikoen babesa, sindikatuena, herritarrena eta ETAk irailaz geroztik egindako urratsak horretarako giltzarritzat jo dituzte, baita nazioarteko adituen prestasuna ere prozesuan laguntzeko.

Espainiako Gobernuaren jarrerak iniziatiba horiekin «talka» egiten duela salatu dute, eta sarri errepresiora jotzen duela bide hori oztopatzeko asmoz: «Ez da kasualitatea prozesuak urrats berriak ezagutu ahala Espainiako Gobernua errezeta zaharrekin etortzea».

Atxiloketak eta torturak «aurrez pentsatuak, ondo kalkulatuak eta helburu politiko argiekin» egindakoak direla uste dute. Agiriaren sinatzaileen ustez, Euskal Herriak bizi duen une politikoan ezin da horrelako erasorik onartu; demokraziarako urratsak egiteko eta politika horiek alde batera uzteko eskatu diote Espainiako Gobernuari.

Horrela egin ezean, «eraso guztiek jarrera argia izango dute parez pare». Prozesu hori gauzatu dadin torturekin amaitzeko konpromisoa berretsi dute eragileek: «Torturak betirako desagertu behar du».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.