Iñaki Igerategi eta Inaxio Otaño atxilotuek torturak jasan dituztela berretsi dute senideek eurekin egon ostean. Ikastolako gurasoek deitutako agerraldiaren ondoren adierazpenak egin dituzte bi atxilotuen bikotekideek.
Igerategi eta Otaño inkomunikatuta eduki dituzte astearte goizaldean atxilotu zituztenetik. Atzo espetxera bidali zituen Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak.
Hainbat eragile politiko, sozial, sindikal eta kulturalek euren elkartasuna adierazi diete atxilotuei. Batzuk aipatzearren: Ezker abertzalea, Aralar, EA, Alternatiba, LAB, EILAS, EHNE, Bilgune Feminista, TAT, Behatokia, Herrira, Gazte Independentistak eta ESAIT. Atxiloketak salatzeko mobilizazioetara deitu du Gernikako Akordioak eta "errepresioa lehenbailehen amaitzeko" eskatu dio Espainiako Estatuari.
Gernikako Akordioak bultzatuta, bihar, 12:00etatik aurrera, manifestazioa egingo dute Andoainen, Bake bidean atxiloketarik ez. Konponbide garaia da lelopean.