Atzo goizaldean Barakaldon (Bizkaia) gizonezko bat hiltzea egotzita atzeman zituzten hiru gazteek atxilotuta jarraitzen dute, eta Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuak Bilbon egindako agerraldian jakinarazi du "zailtasunak" izaten ari direla hiruren adierazpenak jasotzeko.
Ustez hiru gaztek jipoitu ondoren hil zen atzo goizaldean gizonezkoa. Barakaldokoa zen, eta 40 urte zituen. Udaltzaingoak 20 eta 22 urte bitarteko hiru gazte atxilotu zituen goizaldean bertan, hilketarekin zerikusia dutelakoan.
Hainbat lekukok Udaltzaingoari abisua eman ondoren, udaltzainek San Bartolome kalean topatu zuten 40 urteko gizonezkoa, 03:15 aldera, sudurretik odola zeriola. Minutu batzuk geroago, udaltzainek hiru mutil atxilotu zituzten; 22 urteko Zaratamoko gazte bat, adin bereko Galdakaoko beste bat eta 20 urteko espainiar bat.
Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak eta Barakaldoko Udalak esan dutenez, bertaratutako anbulantziek ez zuten zauritutakoa onera ekartzerik izan, eta 04:15 aldera hil zen. 05:40ean eraman zuten gorpua, epailearen aginduz. Ertzaintzak hartu du ikertzeko ardura. Oraindik ez dute zehaztu zergatik gertatu zen erasoa.
Gertatutakoa gaitzetsi dute Barakaldoko alkate Tontxu Rodriguezek eta segurtasun zinegotzi Olga Santamariak: "Basakeria hau egin dutenen aurka justizia egin dadila". San Bizenteko dorreen inguruan gertatu zen erasoa, dantzaleku batetik gertu.
Hain zuzen, alkateak adierazi du ez duela nahi "gau giroa hautsi nahi duten pertsona zitalak" Barakaldora joaterik, eta erantsi du atzokoa gertakari "bakana" izan dela; herritarrek ez dutela zertan izutu. Egindako lanagatik udaltzainak zoriondu ditu Rodriguezek, eta babesa adierazi die hildakoaren senide eta lagunei.