"Ni beti ahalegintzen naiz beharrezkoak diren urratsak egiten. Beti da posible akordioak lortzea, baina horretarako beharrezkoa da bi aldeen elkarlana", nabarmendu du Mariano Rajoyk gaur, AHTren obren lizitazioaren inguruko iragarpena egitearekin batera.
Estatutuekiko "intsumitu" izatea egotzi dio Aitor Estebanek gaur Kongresuan egindako saioan, eta haren kritikei erantzunez egin du iragarpena Rajoyk, alegia, arazorik ezean, etzi onartuko duela Ministroen Kontseiluak Atxondo eta Abadiño arteko lanen lizitazioa —116 milioi euroko kostua izango dute—. Horretaz gain, Arrasate eta Bergara arteko lanak —158 milioiko kostua dute— dagoeneko lizitatu direla ere nabarmendu du.
Abiadura Handiko Treneko lanez gain, Forondako aireportua ere izan du hizpide Espainiako Gobernuko presidenteak. Haren esanetan, haren kudeaketa "egokia" da, "eta horren froga da datuek hobera egin dutela".
Zergei dagokienez, berriz, adostasunera heltzeko "ahaleginetan" ari direla esa du Rajoyk, eta gauza bera egiteko eskatu dio Jaurlaritzari: "Ez da egia eskaerei entzungor egin diedala".