Atzera bota dute AHTaren galdeketagatik Aramaioko alkatea zigortu zuen epaia

Agirre alkatearen hitzak eta frogak ez zituztela aztertu eta «dudak» sor daitezkeela dio epaileak; absolbitzea erabaki du

Garikoitz Goikoetxea.
2011ko otsailaren 15a
00:00
Entzun
Alkatearen bertsioa ez zuela kontuan izan eta hark aurkeztutako frogak baztertzeko motiborik ez zuela eman. Aramaioko alkate Asier Agirre prebarikazioagatik zigortu zuen epaian hutsuneak daudela ebatzi du Arabako Probintzia Auzitegiak, eta bertan behera utzi du zigorra, zazpi urteko inhabilitazioa. AHT abiadura handiko trenari buruz galdeketa egin zuten Aramaion (Araba), Espainiako Gobernuaren EAEko Ordezkaritzari jakinarazi gabe; haren erantzule jo zuten Agirre, eta zigortu. Helegitea jarri zuen, eta aintzat hartu diote: epaileak dio «duda adierazgarriak» daudela Agirre arduradun jotzeko.

2007ko irailaren 28an, 29an eta 30ean egin zuten AHTari buruzko galdeketa. Auzo alkateak aukeratzeko bozketak zituzten egun haietan Aramaion, eta hori baliatuta antolatu zuten azpiegiturari buruzko inkesta. Epaiketan, Agirrek ziurtatu zuen herritarrek antolatu zutela galdeketa, eta udalak ez zuela horretan batere parte hartu. Alkateak adierazi zuen «babes politikoa» soilik eman ziola herri galdeketari. Ebazpenean, ordea, epaileak ez zuen kontuan hartu Agirreren deklarazioa. Ekimenaren berri ez zioten eman Espainiako Gobernuaren EAEko Ordezkaritzari, eta horren erantzule jo zuen epaileak Agirre, bere eginda alkateak asmatu zuela herrian galdeketa egiteko «plana».

Helegitea jarri zuen Agirrek, eta Arabako Probintzia Auzitegiak onartu ditu haren argudioak; ulertu du epaiaren tesia indartzen zuten argudioak soilik aztertu zituela epaileak, eta ez zuela arrazoitu zergatik baztertu zituen alkateak aurkeztutako frogak.

Aurreko epaiaren usteak zalantzazkoak direla dio oraingo ebazpenak behin eta berriz: «Argumentu aldetik ahula da, eta akusatuaren erruduntasunean arrazoizko zalantza eragin du». Besteak beste, herritar hainbaten testigantzak kontuan izan behar direla dio epaiak; horiek esan zuten udala ez zela aritu galdeketa prestatzen, eta inkesta eguna ez zuela Agirre alkateak erabaki, baizik eta auzo alkateek. Areago, udalean ez dago dokumenturik ondorioztatzeko alkatea zegoela atzean. Epaileak onartu du udalak aurrez erabaki zuela galdeketa bat egitea, baina ez zuela zehaztu noiz eta zehazki zertaz; horregatik, auzitegiak ebatzi du galdeketa Agirreri egoztea ez dela bidezko: «Froga horiek guztiek bide ematen dute zalantza arrazoizko bat izateko akusatuak benetan parte hartu eta delitua egin ote zuen».

Arabako Probintzia Auzitegiaren epaia irmoa da, eta ez daiteke haren aurka helegiterik jarri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.