2006ko udazkenean abiatu zituzten abiadura handiko trenaren lanak Urbinan (Araba).Urte eta erdia igaro bada ere, oraindik ere makinak ez dira hasi lanean Gipuzkoan eta Bizkaian, eta Araban ere atzeratuta daude. Arratzua-Ubarrundia eta Legutio arteko zatia da martxan den bakarra, eta, berez, amaituta egon behar zen dagoeneko. Alabaina, 2009ra arte atzeratuko da oraindik.Desjabetzeen prozesua oso konplexua gertatzen ari da administrazio ezberdinentzat,eta lurjabe askok uko egin diotela «adostasunezko akordioak» sinatzeari. AHT Gelditu! Elkarlanak aste honetan bertan salatu ditu «irregulartasunak» Arabako zatian. Ã’Martxoaren 22an argitaratu zen Estatuko Boletin Ofizialean Arrazua-Ubarrundia-Legutio I tarteari dagokion nahitaezko desjabetze prozesua irekitzen zela, hala herritarrak informatzeko epea zabalduz!». AHT Gelditu! Elkarlanak salatu du informazio hori ez dagoela herritarren eskura, ez Gasteizko Udaletxean ez Espainiako Gobernuaren Gasteizko egoitzan. «Legeak herritarrek parte hartzeko agintzen dituen apurrak ere ez dituzte betetzen»,salatu du AHT Gelditu!-k.
Gipuzkoako zatian lanak hasitzat eman zituen atzo Jaurlaritzak. Edonola, makinak sartu arte, oraindik aste batzuk beharko dira, desjabetzeen inguruko azken tramiteak bete gabe daudelako. Bizkaiko egunkari batek kaleratu duenez, Espainiako Sustapen Ministerioak apirilaren erdirakodeitu ditu ehun bat kaltetu Legutio, Eskoriatza eta Aramaioko desjabetze prozesua amaitzeko.
BERRIA-k Sustapen Ministerioari eskatu dio azalpena gertatzen ari denaren inguruan, baina ez du erantzunik jaso. Eusko Jaurlaritzak, aldiz, ukatu du tramiteak atzeratzen ari direla, behintzat Gipuzkoako zatian: «Adostasun zabalera iristen ari gara jabeekin, eta gure aldetik, behintzat ez dago arazorik. Ez dakit Sustapen Ministerioak arazoak dituen Bizkaian».
Espainiako Trenbide Azpiegituren Administratzaileak (Adif) ukatu du lanetan atzerapenik dagoenik. Edonola ere, desjabetzeen prozesua Sustapen Ministerioaren eskuduntza dela, eta horretaz deus ez dakiela nabarmendu du.
AHT Gelditu! Elkarlaneko kide Jone Etxeberriak esan duenez, «presaka» ari dira administrazioak. Izan ere, lanak beste urtebete atzeratuz gero, azpiegituraren finantzazioa «kolokan» egon daitekeela uste du. «Ziur gaude ekonomikoki proiektua ez dagoela bermatuta. Beste urtebete obrak atzeratzen badituzte, bertan behera utzi beharko dituztelako susmoa daukagu».
Etxeberriak gogoratu du Europako Batasunak 118 milioi euro «baino ez» dituela agindu proiektuarentzat, 4.000 milioi euroko aurrekontutik. «Ari dira esaten kapital pribatuari irekiko dizkiola ateak Adifek proiektua egiteko. Zer esan nahi du? Diru publikotik gero eta gehiago jarriko dugula kapital pribatuaren eskuetan, interesak ere ordaindu beharko ditugu-eta».
Atzerapenak, desjabetzeak direla eta
Araban hasita dagoen zatia martxoaren 31n bukatzekoa zen, baina oraindik amaiera oso urruti dauka
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu