Gutxieneko zerbitzuekin ari dira Iruñerriko garraio publikoko billabesak, greba mugagabeari hasiera eman eta gero. "Greba egin bertze erremediorik ez dugu", erran dute langileek. Enpresak egin nahi dituen murrizketak salatu nahi dituzte, eta behin-behineko kontratuarekin ari direnek haien lanpostuak galtzeko duten arriskua mahai gainean jarri. Iruñerriko Mankomunitatearen ardura ere agerian utzi nahi izan dute. "Mankomunitatea da denon diruarekin enpresari ordaintzen diona; Mankomunitateak ezarri zituen zerbitzuaren baldintzak TCC enpresak bere gain hartu zuenean, eta betearazi beharko ditu".
Bidaiariek ohi baino gehiago itxaron behar izan dute gaur autobus geltokietan. Hamabi minututik behin pasatzen ohi diren autobusak berrogei minututik behin ere iritsi dira gaur goizean. "Pazientziaz hartu behar dugu", erran dute. Gehienek bat egin dute langileen eskaerekin eta egin dituzten salaketekin. Autobus zerbitzua hobetzeko beharra ere nabarmendu dute askok. Bertze zenbait, hala ere, kexu agertu dira billabesen atzerapenarekin.