Gaur ziren osatzekoak Eusko Legebiltzarrean bakeari eta bizikidetzari buruzko batzordea, osoko bilkura amaitutakoan. Baina eraketa atzeratzea erabaki du legebiltzarreko presidente Bakartxo Tejeriak, osoko bilkuran izandako "tonua" dela eta.
Goizean eztabaida ugari izan dituzte PPk eta EH Bilduk indarkeriaren inguruan; besteak beste, PPk kexa formal bat aurkeztu du EH Bilduk "preso politikoak" adiera erabiltzen duelako legebiltzarrean, eta koalizioa zigortzeko eskatu du.
Tejeriak ohar bat plazaratu du azalduz "osoko bilkuran gertatu den eztabaidaren tonua ikusita" erabaki duela bake lantaldearen sorrera atzeratzea. Halaber, talde guztiei dei egin die "elkarri zor" dioten errespetua izan diezaioten.
Batzordea lehenbailehen osatuko dutela adierazi du Tejeriak. "ETAk armak behin betiko uztearekin zabaldutako garai berri honetan, euskal gizarteak orain geroko bakea eta bizikidetzaren oinarriak ezartzera behartzen gaitu. Eusko Legebiltzarra da eztabaidarako eta akordioetarako lekua, eta herritarren subiranotasunaren eta borondatearen ordezkariok horri erantzutea zor dugu; gure erantzukizuna da”, adierazi du.