Atzeratu egin dute Greenpeaceko 25 ekintzaileren kontrako epaiketa, gaur goizean, deklarazioa eman beharra zutenetako bat, Guardia Zibileko teniente bat, ez dutelako horretarako jakinaren gainean jarri. Talde ekologistako 25 ekintzaile epaitzekoak ziren gaurtik aurrera Villarcayoko auzitegian (Burgos, Espainia), probintzia berean dagoen zentral nuklearrean, Garoñakoan, iazko azaroaren 20an egindako protesta ekintzagatik.
Greenpeaceren Espainiarako arduradun Juan Lopez de Uraldek atzo azaldu zuenez, iazko azaroko ekintzarekin "zentral nuklearrak ixteko eginiko hauteskunde promesa betetzeko exijitu" nahi zioten Espainiako Gobernuko presidente Jose Luis Rodriguez Zapaterori.
Epaiketa gaur goizeko 10:30ak aldera hastekoa zen, baina 12:00ak arte ez diote hasiera eman. Ondoren utzi dute bertan beheiti, 25 ekintzaileen atxiloketan parte hartu zuen Guardia Zibilaren tenientearen deklarazioa gaur bertan lortu ezinda. 25 auzipetuei "desobedientzia" delitua egozten diete, Garoñako zentral nuklearreko sarreran ekintza egiteagatik. Ekintza baimendu gabeko protesta batean egin zuten, iturri judizialen arabera.
Garoñako zentrala Euskal Herritik 30 bat kilometrora dago, eta istripu nuklearren bat gertatuz gero, Hego Euskal Herria bete-betean harrapatuko lukete ondorioek. Urteetan mobilizazio andana egin dira zentrala ixteko exijitzeko, bai Espainian bai Euskal Herrian.
Zentralaren arduradunei kritika
Horren harira, eta Lopez de Uraldek atzo emandako prentsaurreko berean, Greenpeaceko arlo antinuklearreko Espainiarako arduradun Carlos Bravok salatu zuen zentraleko arduradunek uranio erregai errekarga egin nahi dutela datozen asteetan, "Madrilgo gobernua bi urteko funtzionamendu luzapena baimentzera behartzeko".
Santa Maria de Garoñako zentralaren ustiaketa baimenak heldu den uztailaren 5ean iraungiko du. Lehenago, udaberri aldera, Espainiako Segurtasun Nazionaleko Kontseilua txosten bat banatzekoa da, zentralak martxan segitzea komenigarria den edo ez zehazteko.
Azken hitza, dena den, Espainiako Gobernuak izango du.
Ingurumena
Atzeratu egin dute Greenpeaceko 25 ekintzaileren kontrako epaiketa
Garoñako zentral nuklearrean iazko azaroan eginiko protesta ekintza batengatik hasi da epaiketa, baina Guardia Zibilaren teniente bati deklaratzera deitzea ahaztu zaielako eten du hura epaileak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu