Ogitarteko bat jaten ari zela itota hil zen atzo eguerdian Donostiako Bulebarrean ezbeharra izan zuen gizona. Donostiako Udaletik jakinarazi dute, gizona ez zela etxegabea, lehen informazioen arabera hala zabaldu bazuten ere. "Bulebarrean normalean etxegabeak egoten diren lekutik hurbil gertatu zen ezbeharra, eta horregatik udaltzainek lehen unean pentsatu zuten hildakoa ere etxegabea zela", esan dute udaletik. Iturri beretik gehitu dute identifikazio dokumenturik ez zeramala gizonak, eta horregatik nahastu zirela. "Etxegabeek artatu zuten eta udaltzainek pentsatu zuten haien kideetako bat zela". Gaur zehaztu dute Donostian bertan erroldatuta zegoela hildakoa.
Emakumearen kasuan ez dute zehaztasun gehiagorik eman nahi izan, horretarako "nahikoa informaziorik ez" dutela argudiatuta. Esan dutenez, baina, "emakumea bikotekidearekin zegoen lo kutxa automatikoan, eta Donostiako Zerbitzu Sozialen laguntza jasotzen zuen".