Atzo erregistratu ziren hildako gehien Euskal Herrian

Koronabirusak beste 78 hildako eragin ditu. Nafarroako Gobernuak hildakoak zenbatzeko irizpideetan aldaketak egin izanak eragina izan du, ospitaleetatik kanpo hildakoak ere kontuan hartuko baititu gaurtik aurrera.

Osasun langile batzuk lanean, atzo, Gasteizen. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Paulo Ostolaza.
2020ko apirilaren 16a
13:37
Entzun

Koronabirusaren inguruko azken datuek albiste lazgarri bat utzi dute Euskal Herrian: 78 hildako gehiago erregistratu ziren atzo, krisia hasi zenetik izandako kopururik handiena. Orain arte, apirilaren 1ean ezarritakoa zen kopururik handiena, 61 hildako. Guztira, Euskal Herrian 1.298 lagun hil dira COVID-19aren ondorioz. Mikel Sanchez Eusko Jaurlaritzako ordezkariak aitortu du datu «tristea» dela, eta, pandemiaren aurka «indar guztiekin» jarduteko konpromisoa hartzeaz gain, herritarrei eskatu die prebentzio neurriak «zehatz-mehatz» betetzeko.

Hildakoen kopurua horrenbeste handitzearekin zerikusia izan du Nafarroako Gobernuak gaur hildakoak zenbatzeko irizpideak aldatu izanak. Gaur arte, positibo eman eta ospitaleetan hildakoak soilik hartzen zituen kontuan gobernuak, eta ez erietxeetatik kanpo zendutakoak —nahiz eta koronabirusaren probak positibo emandakoak izan—. Atzo, adibidez, bederatzi pertsona hil ziren Nafarroako ospitaleetan koronabirusaren ondorioz, baina baita beste hamabost ere ospitaleetatik kanpo. 

Hala, krisia hasi zenetik Nafarroan COVID-19ak hildakoen kopuruak ere nabarmen egin du gora irizpide aldaketarekin batera: ospitaleetan 261 lagun hil dira, eta haietatik kanpo, 79; guztira, 340. Nafarroako Gobernuak datozen egunetan argitu beharko du orain arte zenbatu gabe zeuden 79 hildako horiek noiz hil diren.

Bestetik, Hegoaldean gora egin du atzemandako positiboen kopuruak ere; 417 izan ziren atzo, azken bost egunetako gehien. Guztira 16.162 pertsonari atzeman diete koronabirusa.

Datu horietan, ordea, nabarmen eragiten du bai Eusko Jaurlaritzak baita Nafarroako Gobernuak ere egiten dituzten test kopuruak. Test azkarren erabilera dela eta, nabarmen hazi da egunero egiten dituzten testen kopurua, eta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan atzo egin ziren test gehien: 2.971.

Horietatik %11k eman zuen positibo. Sanchezen ustez, «joera aldaketa bat erakusten duen datua da», eta ezinbestekotzat jo du ahalik eta test gehien egiten jarraitzea, hori baita «pandemiaren garapena ezagutu eta erabakirik onenak hartzeko modua».

Ospitaleratu gutxiago

Ospitaleratutako gaixoen kopurua ari da behera egiten; Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak azken egunetan errepikatu dute egoera «egonkortu» egin dela osasun zentroetan. Hego Euskal Herrian, guztira, 1.580 lagun daude ospitaleratuta, atzo baino 88 gutxiago. Lurraldeka, Bizkaian 741 lagun daude ospitalean koronabirusaren ondorioz, Nafarroan 367, Gipuzkoan 279 eta Araban 193. 

Sendagiria jaso zutenak 422 izan ziren atzo, eta 6.658 dira guztira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.