Atxiloketak

Atzo Gasteizen atxilotutako hiru lagunak gaur eramango dituzte Espainiako Auzitegi Nazionalera

2006ko urriaren 27a
18:35
Entzun
Ertzaintzak hiru lagun atxilotu zituen atzo goizaldean Gasteizen, Vital Kutxaren bulego bat erasotzea leporatuta. Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Saila jakinarazi duenez, hiru atxilotuak gaur eramango dituzte Espainiako Auzitegi Nazionalera. Askatasunak atzo jakinarazi zuenez, Oier Gomez, Iñaki Trujillo eta Javier Agirre dira atxilotutakoak. Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailaren arabera, etxean egindako lehergailu bat zartarazi zuten hiru gazteek kutxa automatiko batean.

Iturri horien arabera, gaueko 00:30ak aldera Gasteizko Wellingtongo Dukea kaleko Vital Kutxaren bulegoaren atarian motxila susmagarri bat zegoela ohartaraziz deitu zion norbaitek Ertzaintzari. Zenbait patruila bidali zituzte eta ingurua hesitu zuten. Minutu gutxiren buruan lehergailua zartatu zen, eta «dezenteko kalteak» eragin zituen, Herrizaingo Sailaren arabera. Suhiltzaileek amatatu zuten sutea. Herrizaingo Sailak zehaztu duenez, lehergailua etxean egindakoa zen, eta motxila azpian zegoen gordeta. Kanpinerako gas botila batekin, likido sugarriarekin, aerosolarekin eta suziriekin eginda zegoen.

Leherketa jazo eta gutxira, «susmagarria» iruditu zitzaien auto bat ikusi zuten ertzainek. Gelditu , eta barruan zihoazenak identifikatu ostean, hiru lagunak atxilotu zituzten, kale erasoa egotzita.

Atxiloketa horiekin lotuta, Gasteizko erdiguneko etxebizitza bat miatu zuen Ertzaintzak, atzo, 15:00etan.

Batzar informatiboa eta elkarretaratzea egin ziren atzo atxiloketak salatzeko, eta Ertzaintza elkarretaratutakoei oldartu zitzaien. Gaur, manifestaziora deitu dute, azken ostiraleroko elkarretaratzearen ostean, Gasteizen.

GAITZESPENAK. Kale erasoaren aurka hitz egin dute zenbait alderdik. EAk ohar batean salatu du erasoa, eta «gisa horretako ekintzak» berahala eteteko. EAren ustez, halako erasoak «onartezinak» dira, bereziki bakea lortzeko ahaleginak egiten ari direnean.

Arabako PSE-EEk ezker abertzaleari eskatu dio kale erasoak «kontrolatu eta salatu» ditzan. Halaber, Ertzaintzari galdegin dio «legez kanpo jarduten» dutenak zelatatu eta jazarri ditzan.

Bestalde, Arabako PPko idazkari nagusi Iñaki Oiarzabalen aburuz, hiru gazteen atxiloketak erakusten du «Zuzenbide Estatua dela terrorismoarekin amaitzeko balio duen tresna bakarra».

Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkari Paulino Luesmak Ertzaintza zoriondu egin du hiru gazteak atxilotzeagatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.