politika

Atzo Mallorcan eztanda egin zuen laugarren lehergailua ETAk ipini zuela baieztatu du Poliziak

Leherketak egiteko erabili zituzten tenporizagailuak aztertzen ari dira noiz jarri zituzten jakiteko. Duela 11 egun Carlos Saenz de Tejada eta Diego Salva Lezaun guardia zibilak hil zituen ETAk Calvian.

2009ko abuztuaren 10a
19:17
Entzun
Atzo Mallorcan (Herrialde Katalanak) lau lehergailuk eztanda egin zuten, hiru jatetxetan eta saltoki batean. Hasiera batean ETAk hiru lehergailu eztandarazi zituela adierazi zuten. Hala ere, laugarren leherketa bat ere gertatu zen baina ez dute gaur arte argitu hori ere ETAk ezarri zuela. Hasiera batean metano gasak eragindako eztanda zela uste zuten.

Leherketen aurretik, emakume batek Gipuzkoako taxi zerbitzuari eman zion atentatu horien berri. Ondorioz, eztandak gertatu aurretik lehergailuak kokatuta zeuden lekuak hustu ahal izan zituzten eta beraz, ez zuten zauriturik eragin. 11 egun igaro dira ETAk Calvian (Mallorca, Herrialde Katalanak) bi Guardia Zibil - Carlos Saenz de Tejada eta Diego Salva Lezaun- hil zituenetik. Lau atentatu horiek egile berberek egin dituztela uste dute eta hori ikertzen ari da Polizia.

Atzoko hiru lehergailuak urrutitik aktibatu zituztela uste dute poliziek, ondorioz, egileak jada irlatik kanpo egotea ere ez dute baztertu. Tenporizagailuen bila ari dira, horiek noiz kokatu ziren argitzeko.

Mallorcan ETAren talde antolatu bat dagoela uste du Poliziak.

Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Barne sailburuak adierazi du "ETAk atentatuak egiten jarraituko" duela, "ondoren, geldialdia egin eta ezker abertzalearekin alderdi legal bat osatzeko". Horregatik, hori ez gertatzeko, bere esku dagoen guztia egingo duela nabarmendu du. "ETAk indarrean dagoela erakutsi nahi izan du Mallorcako atentatuekin, baina egile guztiak atxilotuak izango dira".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.